Patroi gardenak ehuntzen

Jantziak masan ekoizten dituen ehungintza industria hegemonikoaren alternatiba gisa, moda etikoa sortu da. Ingurumena eta lan baldintzak zaintzea du helburu. Arropa ekoizteko prozesu garden eta geldo bat aldarrikatzen dute marka jasangarrien sortzaileek.

Xinta Minta. Saioa Lopezek unisex arropa sortzen du, GOT ziurtagiridun kotoia erabiliz. ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Oihal, hari eta ehunak sortu edo lortu. Horiek landu, elkartu eta konbinatu, nahasketa egokienaren bila. Materialari jantzi jakin baten forma eman, patroiaren diseinuari jarraikiz, eta, ondoren, sortutako patroia hezurmamitu. Puntadaz puntada, jostea da hurrengo urratsa. Azkenik, arropa merkaturatu eta salgai jartzen da; gorputz bat estaltzeko prest da jantzia. Jantzi oro da prozesu luze baten emaitza, baina bidea josteko manera ezberdinak daude. Urrats horiei guztiei eta horietako bakoitzari erreparatzen ahalegintzen dira moda etikoaren etiketapean sartzen diren diseinatzaile eta sortzaileak. Ehungintza hegemonikoaren eredutik urrun, jantzigintza gardena lortu nahi dute.

Hiru dira ardatzak: lan baldintza duinak bermatzea, animalien sufrimendutik eratorritakoak ez diren materialak erabiltzea eta naturarako jasangarria izatea. Patroi orokor horren bueltan, diseinatzaile bakoitzak bere modura ehuntzen ditu jantziak.

Ikuspegi eta ertz ugaritatik lantzen dute jasangarritasuna moda etikoan diharduten diseinatzaileek; oinarrizko baliabideetatik hasita: materiala. Jasangarritasuna dute abiapuntu nagusi, hots, ingurumena errespetatu eta horren iraupena bermatzen duten materialak erabiltzen dituzte. Batzuek ziurtagirien bidez bermatzen dute oihalak egokiak direla.

Saioa Lopezek Xinta Minta proiektua jarri zuen martxan iaz, Mungian (Bizkaia), unisex arropa jasangarria ekoizteko eta merkaturatzeko asmoz: «Erosotasuna, konbinagarritasuna eta diseinuen erakargarritasuna hartzen ditut kontuan; baita gorputzen aniztasuna ere. Gorputz forma ezberdinetara moldatzen diren patroiak lantzeak erraztu egiten du arropa luzaroan erabili ahal izatea». Lopezek GOT ziurtagiridun kotoiarekin sortzen ditu jantzi guztiak: «Kotoi hori lortzea ez da batere erraza, ez merkea, baina hori da modu bakarra bermatzeko prozesu guztian, hazia landatu denetik bezeroaren eskuetara heltzen den arte, errespetatu egin direla beharginen lan baldintzak eta ingurumena». Beste ziurtagiri batzuk ere badira, baina, Lopezen ustez, «zorrotzena» bilatu behar da beti. «Tranpa» moduko bat egiten dutela uste du. Adibidez, OEKO TEX ziurtagiriak bermatzen du gorputzarentzat kaltegarriak izan daitekeen substantzia kimikorik gabe ekoiztu dela kotoia, baina lan baldintzen inguruko bermerik ez du ematen.

Beste aukera bat materiala bertatik bertara ikustea eta ukitzea izan daiteke. Maider Gaztelumendik, oihalen sorterrira bidaiatu, eta zuzenean artisauei erosten die materiala. Luma Moda Etikoa proiektuan zentratzeko hautua egin zuen duela urtebete, betiere jasangarritasuna abiapuntutzat hartuta. Donostiatik Afrikara bidaiatzen du diseinatu eta josten dituen poltsen oihalen bila: «Poltsen bidaia Afrikan hasten da. Hara joaten naiz hango artisauak ezagutu, haiekin hitz egin, lantzen duten teknika zein den ikasi eta justuki ordaintzeko asmoz». Senegalen eta Malin sortuak dira erabiltzen dituen oihalak, eta materiala ekoizten duten langileen inguruko informazio ahalik eta osatuena eman nahi du diseinatzaileak: «Pertsonak jartzen ditugu errentagarritasunaren aurretik; proiektuaren ekoizpena motela eta txikia da, baina artisauen lan baldintzak errespetatu egiten dira».

Materialen aukeraketatik hasita, gardentasuna aldarrikatzen dute moda etikoa sortzen duten diseinatzaileek.

Urrats bakoitza erakutsi, ondo neurtu, eta esplikatu. «Guk saltzen duguna prozesu zaindu bat da: hori da gure markaren zigilua eta guk eskaintzeko duguna», Ane Bilbaoren hitzak dira. Itsaso Usobiagarekin batera murgildu zen Minusse Clothing proiektuan 2018ko urrian, eta argi dute zer eredu landu nahi duten: «Hasieratik oso argi genuen: modu jasangarrian egitekoak ez bagara, ez dugu egingo», baieztatu du Usobiagak. Modaren industriari buruz ezagututako istorio «lazgarriek» erabaki bat hartzera bultzatu zituen diseinatzaileak. Gaur egun, Donostiako Egia auzoan dute estudioa, eta, kasurako, bidalketak egiteko erabiltzen dituzten zorroei erreparatzen diete: «Hogei aldiz berrerabili daitezke, eta, guztiz organikoak direnez, ekoizleari itzultzen zaizkio birziklatu ditzan. Ekonomia zirkularra bultzatzen dugu», azaldu du Usobiagak. Halere, prest daude etengabe eraldatu, egiten dutena birpentsatu eta erabakiak aldatzeko.

Gardentasunari gorazarre

Datuak argiak dira. Egun, munduan gehien kutsatzen duten industrietan bigarrena da ehungintza, petrolioaren atzetik. Petroliotik eratortzen dira, gainera, jantzi sintetikoak sortzeko ehun gehienak. Praka bat egiteko, 2.000 litro ur behar dira, eta horren ekoizpenak hamahiru kilo karbono dioxidok besteko kutsadura sortzen du.

Hartzen den erabaki bakoitza, handi nahiz txiki, kontzientziaz egiten dute, eta eraldaketarako bidean. Hortxe moda etikoaren gakoa. Horrela jaio zen Modu Bat proiektua: «Izenak dioen bezala, moda egiteko beste modu bat aldarrikatu nahi dut, nire pentsamenduarekin bat datorrena». Katalin Antxiak 2015ean sortu zuen marka. Saran (Lapurdi) du tailerra, eta erabaki erabat kontzientea izan zen moda jasangarriaren aldeko hautua: «Buruak nire balioekin bat etortzeko koherentzia hori eskatu izan dit beti. Moda asko gustatzen zitzaidan, baina barnean korapilo bat sortzen zitzaidan informazioa topatzen hasten nintzenean: non egin dira arropa horiek, nork egin ditu eta zer baldintzatan? Eta, gainera, erabili den materiala kaltegarria da gure azalarentzat eta ingurumenarentzat. Prozesu guztia nik neuk kontrolatzeko moduko marka erabat garden bat sortu nahi nuen». Bide horretan, ziurtagiria duten ehunekin sortzen ditu arropak, eta egiten duen guztia begi bistan dago. «Tailerra irekita dago beti: edonork ikus dezake jantziak nork eta nola egiten dituen».

Gardentasuna hitza errepikatzen dute moda etikoaren aldeko hautua egin duten diseinatzaileek; hain justu, ehungintza hegemonikoaren kontrako eredua.

Lopezek ohartarazi du ondo aztertuta erraza dela gaitza agerian uztea: «Arropek erakusten duten mezurik garrantzitsuena barruko etiketan dator: elastiko askok berdintasunaren edo jasangarritasunaren aldeko mezu erakargarriak dituzte, baina, barruko etiketa aztertuta, justu kontrakoa lantzen dutela ohartzen zara». Moda etikoa masa ekoizpen geldiezinari kontra egiteko sortua da; prozesua mantsotzeko eta bistaratzeko asmoz.

Gaztelumendik dioenez, «ehungintzaren lan egiteko modua erosi eta bota dinamika da orokorrean. Produkzio azkarra da, bolumen oso handietan egiten dena, eta merkea». Merke eta masan ekoiztu, merke eta masan saldu eta merke eta masan kontsumitu. Berriz ekoiztu. Berriz saldu. Berriz erosi. Berriz bota. Gurpil zoro bat da, eta izen propioa du: fast fashion (moda lasterra).

Negozioari eusteak ezinbestean dakartza albo kalteak. «Oroitzen dut gaztetan arropa erostean zer poza izaten nuen elastiko bat bost euroan eskuratzean. Horri buelta eman diot: bakarrik materialarekin prezio hori gainditzen da; beraz, bost euroko elastiko horren sorkuntzan norbaitek ez du bere soldata jaso», azaldu du Antxiak. Adibide bat ekarri du gogora: «Rana Plazako kasua da ehungintzaren mundu iluna agerian utzi zuten adibideetako bat». 2013ko apirilaren 24an, Bangladeshen, 1.135 pertsona hil eta 2.500 inguru zauritu ziren Europako eta AEBetako moda enpresentzako arropa ekoizleen lantoki zen Rana Plaza eraikinean. Fabrika erori egin zen, eraikinarenegoera txarra zelako. Gertakariak jopuntuan jarri zituen zenbait arropa marka.

Azelerazioari galga

Moda etikoak erritmo itogarri horri galga jarri nahi dio: slow fashion delakoa aldarrikatzen du (moda geldoa). Patxadaz eta mimoz sortu nahi dituzte jantziak, emaitza ahalik eta borobilena, jasangarriena eta iraunkorrena bermatzeko. Horretarako bide bat kopuru txikietan sortzea da, eta hala soberakinik ez izatea. Usobiagak eta Bilbaok ehun pieza sortzen dituzte asko jota bilduma bakoitzean. «Diseinu atenporalak egiten ditugu, eta bidezko prezioa dute gure arropek», azaldu du Bilbaok. Antxiak, berriz, 30 jantzi baino gehiago ez ditu edukitzen inoiz gordeta:«Askotan enkarguz egiten dut lan; horrela, soberakina saihestu dezaket; ez dut sobran ez oihalik, ez jantzirik». Beherapenik ere ez dutela egiten ohartarazi du: «Prezioa ezin da murriztu; bestela, ez litzateke bidezkoa izango».

Kontraesanak eta ahulguneak ere badituzte moda jasangarria defendatzen dutenek. Gaztelumendik, esaterako, gaur-gaurkoz animalien larrua erabiltzen du. Emaitza erabat koherentea lortzea ezinezkoa dela jakinik, ikasketa prozesu amaigabean murgilduta daude jasangarritasunaren aldeko diseinatzaileak. Sortzen, ikasten eta aldatzen. Patroi berriak ehuntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.