NATO-Errusia. Tentsioaren hazkundea

Sortu ez zen aroa lurperatzen

NATOk eta Errusiak harremanak finkatu eta hamazazpi urtera, inoiz baino biziago dago Gerra Hotza berpizteko aukera.

NATOk bilkura bat hasiko du gaur Galesen, Ukraina auzi nagusitzat hartuta

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 4
NATOko eta Errusiako agintariek aro berri baten hasiera irudikatu nahi izan zuten 1997ko maiatzaren 27an, Parisen. Boris Jeltsin Errusiako presidenteak, Bill Clinton AEBetakoak eta NATOkoak ziren bertze hamabortz herrialdeetako buruzagiek sinatu zuten Harremanetarako, Elkarlanerako eta Segurtasunerako Sortze Agiria. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik sei urte igaro ziren ordurako, eta Gerra Hotza bukatutzat eman zuten Mendebaldeak eta Errusiak. Sortze Agiriarekin, «iraganeko gatazkaren eta lehiaren hondarrekin bukatu, eta konfiantza eta elkarlana indartu» nahi zituzten, dokumentuan bildu zutenez. Hamazazpi urteko harreman gorabeheratsuaren ondoren, Ukrainako gatazkak desegiteko bidean paratu du Sortze Agiria. Errusiak iragarri du NATOrekiko harremana aldatuko duela, aliantza militarra «kanpo mehatxu» nabarmenen artean sartu ondoren. Gaur, berriz, NATOko kideak elkartuko dira Galesen, bertzeak bertze, «Errusiaren jarrera erasokorrari erantzuteko», Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiaren hitzetan.

Ukrainan iragan otsailean Viktor Janukovitx presidentea boteretik kendu zutenetik, anitz hitz egin da Mendebaldearen eta Errusiaren artean Gerra Hotza berpizteko aukeraz. Galesko bilkura eta Kremlineko ordezkariek iragarritako planen berrikuspena Gerra Hotz berri hori instituzionalizatzeko pausotzat ikusi dituzte nazioarteko agintari eta analista batzuek; hau da, iragan mendeko berrogeita hamar urtean bloke kapitalistaren eta sozialistaren lehiaren oinarri izan ziren Atlantiko Iparraldeko Hitzarmenaren (1949) eta Varsoviako Itunaren (1955) antzeko zerbait.

Espero denez, NATO osatzen duten herrialdeetako buruzagiek Galesko Newport hiriko bilkuran onartuko dute Europaren ekialdean presentzia militarra areagotzeko plana. Ekintza Azkarrerako Plana deitutakoa eratuko du NATOk; hau da, 48 orduan baino gutxiagoan hedatu ahalko den 18.000 soldaduko indar bat.

Obama, Moskurekin gogor

Erabaki hori hartu dute Poloniak eta Baltikoko hiru errepublikek aliantzako bertze kideei eskatutako laguntza militarraren ondoren. Barack Obama AEBetako presidenteak bilkura hasi aitzinetik gogortasun irudia erakutsi nahi izan dio Errusiari, atzo Estonia bisitatu eta Moskuren aurka adierazpen gogorrak eginda. Errusiak Krimea bereganatu zuenetik eta ondoren Ukraina ekialdean gatazka lehertu zenetik, Estoniako, Letoniako eta hein txikiagoan Lituaniako agintariek dei larriak egin dizkiete Mendebaldeko aliatuei, Errusiaren ustezko asmo espantsionisten biktima izan litezkeelakoan. Errusiar etniako gutxiengo zabala bizi da Estonian eta Letonian, eta agintarien arabera, Moskuk gutxiengo horien defentsa argudiatu lezake esku hartzeko. «Letonia, Estonia eta Lituania bezalako herrialdeak jada ez dira SESBeko lurralde ohiak», erran du Obamak Tallinen. «Independentzia behin galdu zenuten. NATOrekin ez duzue gehiago galduko. Tallinen, Rigaren eta Vilniusen defentsa Berlinena, Parisena eta Londresena bezain garrantzitsua da». Bezperan, ordea, Mikhail Popov Kremlineko Segurtasun Batzordeko idazkariordeak bertzelako interpretazio bat egin zuen NATOren hedapenaz, haren ustez «erasotzeko ahalmena handitzeko asmoa» baitu, eta ez babeserakoa.

Tentsioa nabarmena da NATO osatzen duten herrialdeen eta Errusiaren artean. Sortze Agiria sinatu zutenean, Mendebaldeko eta Errusiako agintariek Gerra Hotza bukatutzat jo zuten; «etorkizunerako ikuspegi komuna», aipatu zuen Jacques Chirac Frantziako presidenteak, eta Jeltsinek, berriz, erran zuen «Europa babestu eta gatazka berri bat saihestuko» zuela. Baina nahiz eta konpromisoak eta asmoak agertu, agirian ekintza zehatz bakarra hitzartu zuten: NATO-Errusia Kontseiluaren sorrera, bi aldeen harremana instituzionalizatzeko. Kontseilu horren bidez, nazioarteko zenbait misiotan bake tropak koordinatu dituzte, edo maniobra bateratuak prestatu.

Ekialderako hedapena

Sortze Agiriak, ordea, ez zuen bi aldeetako agintariek iragarritako kontsentsuzko mundua sortu. Interpretazioarekin ere ez ziren bat etorri, Jeltsinek argudiatu baitzuen agiriaren arabera Errusiaren inguruko herrialdeek estatus neutrala mantendu beharko zuketela. 1999-2004 artean, ordea, Varsoviako Ituneko kide izan ziren estatu sozialista ohiek eta SESBeko kide izan ziren Baltikoko hiru errepublikek bat egin zuten NATOrekin. Aliantzako ordezkariek argudiatu zuten herrialde horiek nahi zuten aukera egiteko burujabe zirela.

Kosovoko gerraren (1999), misilen aurkako ezkutuaren eta Georgiako gerraren (2008) ondorioz tentsio aldiak sortu dira bi aldeen artean, baina Ukrainako gatazkak hartu du itxurarik larriena. NATOren arabera, Errusiak ez du Ukrainaren burujabetza errespetatzen, zuzenean esku hartzen ari da gerran eta lurraldeak bereganatzeko asmoa du; Errusiaren arabera, NATOko zenbait herrialdek estatu kolpe bat babestu dute Ukrainan, Mendebaldearen eraginpean gera dadin Moskuri bizkar emanda. Ukrainak 45 milioi biztanle inguru dauzka, Europako herrialde handienetan bigarrena da, eta, historikoki, Errusiari hagitz lotuta egon da. Horregatik, oraingo krisiak ez du zerikusirik aitzinekoekin.

«Hildakoak ez dira ehunka izanen, milaka edo dozenaka milaka baizik». Valeri Heletei Ukrainako Defentsa ministroak egin zituen adierazpen larri horiek duela egun batzuk, Errusiarekin gerra handi bat piztuko delakoan. Lech Walesa Bakearen Nobel saridunak ere arma nuklearrak eskatu ditu Poloniarentzat, balizko inbasio bat saihesteko. Angela Merkel Alemaniako kantzilerra zuhurrago agertu da. NATOren eta Errusiaren arteko konpromiso guztiak mantentzearen alde agertu da, eta Sortze Agiriaren baliagarritasuna babestu du. Gerra Hotzak bitan banatu zuen Alemania, eta, gaur egun, Errusiarekin dauzkan harreman ekonomikoengatik, egoera zailean jarriko luke gatazka horren berpizteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna