Futbola eta indarkeria. Ainhoa Azurmendi. EHUko Psikologia irakaslea

«Gotorleku bat da futbola maskulinitate hegemonikoarentzat»

Uste faltsuetan oinarritzen den identifikazioa dago indarkeriaren eta futbolaren artean, Azurmendiren iritziz; «frustrazio emozionalak» ezkutatzen direla dio. Hezkuntza jarri du konponbiderako neurritzat.
JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Aitor Biain -

2018ko otsailak 24
Futbolaren eta indarkeriaren artean bada hirugarren lotura bat: maskulinitatea. Indarkeria darabiltenentzako «gune aproposena» bilakatu baita futbola, ohiko tokietan adierazten ez dituzten sentimenduak azaleratzeko. Hala nabarmendu du Ainhoa Azurmendi (Hernani, Gipuzkoa, 1978) EHUko Psikologia irakasleak.

Zergatik baimentzen dira futbolean gizartean onartzen ez diren jarrera batzuk? Zein ardura dauka egungo gizarteak?

Zerikusia dauka nola identifikatzen diren pertsona jakin batzuk futbol taldeekin, eta noraino eramaten duten identifikazio hori. Frustrazio emozionalak ezkutatzen dira horren azpian, eta beste hainbat arlotan egin ezin dutena egiteko askatasun osoa ematen die futbolak pertsona horiei. Ondorioz, jokabide jakin batzuk justifikatuta geratzen dira, beste leku batzuetan ez bezala. Ematen du guztia zaku berean sartzen dugula, baina hala da. Gizarteko beste arloetan onartzen ez diren zenbait kontuk askatasun osoa dute futbolean. Gotorleku bat da askorentzat, batez ere, maskulinitate hegemonikoarentzat.

Nola iritsi da futbolaren eta indarkeriaren arteko lotura horren estua izatera?

Guztiz maskulinoak diren gero eta espazio gutxiago geratzen dira, baina futbola horietako bat da gaur-gaurkoz oraindik. Futbola maskulinitatearen azken bastioia da. Kirola arlo maskulinoa izan da beti; baina are gehiago futbola. Maskulinitatea modurik handienean adierazteko lekurik aproposena bilakatu da; gizonek amorrua eta gorrotoa ateratzeko duten toki egokiena da, esaterako.

Ez da kasualitatea futbolaren aitzakian indarkeria erabiltzen duten horiek gizonezkoak izatea, beraz. Identitate maskulino bat eratzeko tresna gisa erabiltzen dute?

Hala da. Maskulinitate hegemonikoak futbolean existentzia esparru bat aurkitu du. Identitate baten sorkuntzarako gune oso bereziak dira, eta batzuei komeni zaie horiei eustea.

Interesak daude, alegia.

Kontrolatu ezin den edota nahi ez den guneetako bat da futbola; interes asko ditu itzalean: ekonomikoak, politikoak... Hausnartu beharko litzateke zergatik kudeatzen dutenek ez duten hori geldiarazten. Interesa egongo balitz, esku hartuko zuten dagoeneko.

Askotan, indarkeria hori sinbolikoa izaten da, fisikoa baino gehiago. Hori maskulinitatearen eredu garbi bat da?

Noski. Indarkeria fisikorik ez dago indarkeria sinbolikorik ez badago. Azken pausoa da fisikoa: beldurra eragitea, errespetua sentiaraztea... Horrek guztiak lagundu egiten du identifikazio eredu bati eusten.

Talde gisa jarduten dute, eta ez bakarka. Beste adibide bat da?

Bai, noski. Identifikazioarekin zerikusia dauka, baina gaizki ulertuta. Gauza bat da talde batekin nola identifikatzen zaren, eta zein jarrera hartzen duzun horrekiko. Beste kontu bat da zuk zer uste duzun dela talde horren jarraitzaile izatea, eta nola eraikitzen duzun zure identitatea sentimendu horren inguruan. Uste faltsuak daude hor.

Zein neurri hartu behar dira horri aurre egiteko?

Ez dago gizartean tresna politikorik hori kontrolatzeko, hein handi batean, boterea dutenak hor daudelako. Baina neurriak hartu behar dira. Zelaiak itxi daitezke, pertsona batzuei sarrera debeka dakieke, edota isunak jarri, baina hezkuntzatik heltzen ez badiogu, ez dugu konponduko. Hezkuntza jaso duen haur batek ez baitu eredutzat hartzen kontrolik gabeko pertsona bat, nahiz eta haren jarraitzaile sutsua izan. Gizartearenak eta elkarbizitzarenak diren muga batzuk ez dira hausten, beste guztiaren gainetik baitaude. Balioez hitz egiten denean, eta futbola eredutzat jartzen denean, horretaz ari dira, hain zuzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna