Cesar Manzanos. Salhaketa

«Inpunitatea oso handia da, eta bermeen falta, izugarria»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Salhaketa elkarteko kidea eta EHUko irakaslea da Cesar Manzanos (Bilbo, 1961). Sare sozialen bidez azken heriotzaren berri izan eta gutxira egin du lehen hausnarketa.

Bost hildako, aurten, Zaballan. Zer gertatzen ari da?

Hildako hau ez zegoen Zaballako espetxean, Langraizen baizik. Eraikin hori zabalik dago oraindik, hirugarren gradukoentzat. Dena den, espetxe batean eta bestean zuzendaritza bera dute, eta funtzionarioen jarreran ere ez dago alderik: arazoak saihestu nahi dituzte, eta beste alde batera begiratzen dute: ez dira behar bezala arduratzen presoen eskubideez, haien segurtasunaz eta abandonuaz.

Normala al da funtzionarioen talde batek ematea heriotzaren berri eta sare sozialen bidez?

Duela urte batzuetatik, Espetxeetako Zuzendaritza ezkutatzen ari da kartzeletan gertatzen dena, besteak beste, ikerketak oztopatzeko. Orain, funtzionarioen talde hori ari da informazioa zabaltzen, baina bere interesengatik, ez presoen eta senideen eskubideak defendatu nahi dituelako, espetxeetako egoera hobetzeko. Presio gisa erabiltzen du informazio hori, euren lan baldintzak-eta negoziatzeko. Heriotza batengatik epaitegi batean salaketa jartzen baduzu, zure kontra egiten duten pertsona berberak dira.

Droga gaindosi bat hartuta hil dela zabaldu da.

Gaindosia izan daiteke exekuzio bat, saltzailearen mendekuagatik, edo izan daiteke funtzionarioen zaintza edo kontrol faltagatik ere bai. Espetxe horretako zuzendariekin eginiko azken bileran gogoratu genien familiek salaketa ugari egin dituztela presoek ordaindu behar dituzten estortsioak direla eta. Ez dute ezer egin.

Barne ikerketa bat abiatu duela zabaldu du espetxeak.

Fiskalak egin beharko luke, ofizioz. Baina agindua du ez egiteko. Inpunitatea oso handia da, eta bermeen falta, izugarria. Guretzat heriotza zigorra ezartzen zaie preso askori: kartzelara doaz drogarekin loturiko delituengatik, eta hilik ateratzen dira handik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.