Katalunia. Greba orokorra

Grebaren «erabateko arrakasta» goraipatu dute sindikatuek

Hezkuntza publikoko langileen artean %43ko oihartzuna izan du; unibertsitateetan, %90ekoa. Espainiako Gobernuak «txikitzat» jo du grebak izan duen eragina

Traktore ilarak, greba orokorraren harira Gironan eginiko manifestazioan, atzo. DAVID BORRAT / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Greba deialdia egin duten Intersindical-CSC eta IAC sindikatuek egunak izaniko oihartzuna «erabateko arrakastatzat» jo dute, eta azaldu dute 2017. urteko urriaren 3an erreferendumaren ostean eginiko grebaren datuak hobetu dituela. Hezkuntza, garraioaketa saltokiak izan dira greba eguna gehien igarri duten sektoreak.

Kataluniako Gobernuak argitaratutako datuen arabera, langileen %43k babestu zuten greba hezkuntza publikoan, %35ek kontzertatuan eta %26k pribatuetan. Unibertsitateetan zifrak nabarmen egin zuen gora, %90eko erantzuna izan baitzuen grebak. Ikasleek 72 orduko grebaren hirugarren eguna izan zuten atzokoa, eta erantzuna ezberdina izan zen eskualdearen arabera: Lleidan, Valles Occidentalen eta Terres de l'Ebren ia osoa, %90etik gorako babesa izan baitute; %80 ingurukoa Baix Llobregaten, Maresmen,Valles Orientalen eta Comarques Centralsen; erdia inguru Tarragonan; eta txikiagoa Bartzelonako eskualdean (%35,61), Gironan (%29,99) eta Bartzelona hiriburuan (%23,81).

Sindikatuek garrantzi berezia eman diete saltokiei ere, batez ere Bartzelonako Boqueria merkatuari eta Tarragonako Zentralari, «kasik itxita» egon zirenak, Intersindical-CSCren arabera. Kataluniako Gobernuaren datuek azaldu dute saltokien %60-80 artean itxita egon zirela atzo. Bartzelonan %50 inguru, Gremioen Kontseiluaren arabera. Sindikatuek salmenten jaitsiera ere azpimarratu dute. Mercabarnaren kasuan, besteak beste, %85 jaitsi zen arrain salmenta eta %80 frutarena. Era berean, El Corte Inglesek, Zarak, Mangok eta halako saltoki handiek ohiko ordutegiak mantendu zituzten.

Pimecek azaldu duenez, patronala osatzen duten enpresen %40 gelditu ziren egunean zehar, baina gehiago izan ziren lan egiteko modua moldatu zutenak: «Asko dira mobilizazioetara joan ahal izateko lan distantziara lan egiteko edo lan orduak moldatzeko aukera adostu duten enpresak». Ostalaritzan, ordea, grebak %1eko jarraipena izan zuela azaldu du.

Garraioari dagokionez, metroak eta trenak ohiko bidaiaren erdia izan zituzten, eta tranbiak ere %40 gutxiago. Trenaren eta metroaren kasuan, %25eko gutxiengo zerbitzuak izan zituzten, %50ekoak puntako orduetan. Jarraipenari begira, metroko langileen %36k egin zuen bat grebarekin, eta trenekoen %13,12k. Autobus zerbitzuetan %33ko gutxiengo zerbitzuak ezarri ziren, eta langileen jarraipena %9,25ekoa izan zen. Renferen tren zerbitzuan, jarraipena %0,94koa izan zen.

Aire garraioan ere izan zuen eragina, Gironako eta Reusko aireportuetan normaltasunez funtzionatu arren, Bartzelonako Prat aireportuan 57 hegaldi bertan behera geratu baitziren. Errepideetan, berriz, hemezortzi bide moztuta egon ziren egunean zehar; horien artean AP-7a hiru zatitan. Ipar Kataluniako prefeturak errepide honekin muga egiten duen bidea itxi zuen.

Bartzelonara iritsi behar ziren hainbat gurutzaontzik bertan ez porturatzeko erabakia ere hartu dute. Esaterako, Viking Ocean Cruises enpresako ontzi batek Valentziarako bidea hartu du.

Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak «txikitzat» jo zuen grebaren jarraipena, eta eguneko lehen orduetan elektrizitate kontsumoak ostegunarekin alderatuz izaniko %7ko jaitsiera erabili zuen «normaltasunaren» eredutzat. Kataluniako Lan kontseilari Chakid El Homranik, berriz, jaitsiera%10,11koa izan zela adierazi zuen. Arratsalde parterako, ordea, %7 ingurura mugatu zuen aldea.

Homraniren esanetan, egungo greben datuak interpretatu egin behar dira. Baja edo jai eguna eskatu eta manifestazioetara joan direnak badirela azpimarratu du, «prekaritateak» greba egitea zailtzen duela gehituta.

Datuekin jarraituz, osasungintzako jarraipena %30,3koa izan zen arlo publikoko langileen artean. Hezkuntzaren kasuan bezala, ehunekoak txikiagoak dira osasungintza kontzertatuan (%19,6) eta pribatuan (%5,4).

Administrazio publikoan, berriz, Generalitateko langileen %30etik gorak egin zuen greba. Bartzelonako Udalean, berriz, %23ko jarraipena izan zuen. Grebarekin bat egin zuten enpresak ere izan ziren. Besteak beste, Bon Preu, Liceu, Petroleras Independientes eta Esade enpresek ugazaba itxialdiak egin zituzten. Grebak izan zitzakeen ondorioei aurre hartu nahian, Seat enpresak ateak itxita mantendu zituen. Halere, Foment patronalaren esanetan, industria sektorean grebak jarraipen «txikia» izan zuen.

Mugimendua denean

Greba egunarekin bat eginez, manifestazioak egin ziren Kataluniako herri eta hiri askotan. Bartzelonakoak alde batera utzita, Gironakoa izan zen handiena. Atzo goizean eginiko mobilizazioan 60.000 lagun bildu ziren, Udaltzaingoaren arabera. Tartean, eskualdeko nekazariak euren traktoreekin, 150 inguru. Tarragonan, berriz, 10.000 lagun inguru elkartu ziren arratsaldean eginiko manifestazioan. Gertu, Reusen, 8.000 herritar atera ziren kalera, greba deialdiarekin bat eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.