Joseba Otano. Euskararen Defentsarako Sareko kidea

«Eremu mistoa desagerrarazten ari dira, eta guk aise onartu dugu»

Euskararen Defentsarako Sareak «ekintzara» jo nahi du Nafarroan, hizkuntza eskubideen alde. Joseba Otano da sarearen sustatzaileetako bat.

ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Gaur aurkeztuko dute Euskararen Defentsarako Sarea, 19:00etan, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. «Politika euskarafoboei» aurre egiteko egitasmoa da, eta, diskurtsoen gainetik, protesta ekintzak bultzatuko ditu. Tuterako Hizkuntza Eskolan euskarazko taldeak erdira murriztu izana salatuko dute gaurko agerraldian. Sarearekin bat egitera dei egin du Joseba Otano haren sustatzaile eta Administrazioan Euskaraz taldeko kideak (Iruñea, 1961).

Zergatik erabaki duzue sare bat sortzea?

Zenbait eragile batu gara: Administrazioan Euskaraz taldea, Plazara eta beste elkarte eta norbanako batzuk. Kezka bat dugu denok: nabaritu dugu azken boladan idazki asko prestatzen ditugula euskararen aurkako erasoak salatzeko, bai erakundeetan bai hedabideetan, baina oihartzun eskasa izaten dutela, oro har. Euskaldunok pairatzen ditugun politiken kontrako erantzuna gero eta apalagoa da, eta uste dugu estrategia aldatu beharra dagoela.

Gizartea ez da garai batean bezala mobilizatzen?

Eremu mistoan nabaritu dugu hori, batez ere. Arau eta dekretu murriztaileez gain, epaileak ia egunero ari dira euskaldunoi eskubideak ukatzen. Hainbat udaletako hizkuntza eskakizunekin ikusi dugu. Praktikan, eremu mistoa desagerrarazten ari dira, eta ia ez dago erreakziorik, ez alderdien aldetik, ezta jendearen aldetik ere. Oso protesta gutxi aditzen dira. Mugimendu handiagoa sumatu dugu Erriberan, adibidez.

Nolako mugimendua?

Eragileak bizi-bizi dabiltza hor: Errigora, Agerraldia, herrietako plataforma txikiak... Talde ugari sortu dira azken urteetan. Eremu mistoan, aldiz, ematen du galdutzat jo dugula partida. Ez gara konturatzen dena kentzen ari zaizkigula. Udal batek lanpostu bati hizkuntza eskakizuna ezartzen dion aldiro, Nafarroako Administrazio Auzitegia dator atzetik, hori debekatzera. Onartua dugu hala dela, eta etsigarria da.

Barañainen izan ziren protestak, hori gertatu zenean...

Bai, baina erabakia Barañaingo Udalak hartu zuelako, eta badirudi errazago mobilizatzen garela Navarra Sumaren aurka, epaileen aurka baino.

Erribera aipatu duzu: hain zuzen, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko murrizketen kontra protesta eginen duzue gaur...

Bai. Euskara taldeak murriztu dituzte hizkuntza eskolan, seitik hirura, eta, hortaz, ezinezko bihurtu dute eskolako ikasketa prozesu osoa euskaraz egitea, sei urratsekoa baita. Aldarrikapen aproposa iruditu zaigu ekintza sortari hasiera emateko. Alde batetik, euskara ikasi nahi dutenen aurkako erasoa delako, noski, eta, bestetik, euskaltzaleen artean adostasun handia lortu duen aldarrikapena delako.

Zer iritzi duzue Nafarroako Gobernuak legealdi honetan ezarri duen hizkuntza politikaz?

Nire ustez, aurreko gobernuak ere ez zuen urrats nabarmenik egin, ez zuen ausart jokatu, eta, oinarria ahula bada, errazagoa da eginikoa eraistea. Horrez gain, badakigu zer den PSOE, eta, oraingoan ere, betiko eran aritu da: urteetan, UPNren makulu lanak egin zituen, eskuak askorik zikindu gabe, eta, orain agintean dela, aurpegia ematea egokitu zaio. Balantzaren beste aldean, uste dut alderdi euskaltzaleen eragina oso-oso txikia dela. Ematen du ez daudela gobernuan, edo ez dutela gobernua baldintzatzeko gaitasunik.

Zein da arazoaren jatorria? 1986ko Euskararen Legea?

Ez, hori baino sakonagoa da: epaileen eragina ere hor dago. Dena murrizten dute: legea txarra izan daiteke, baina, heldulekuren bat badu ere, epaileak arduratzen dira hori atzera botatzeaz. Azken euskararen dekretua baliogabetu zutenean, adibidez, Espainiako Konstituzioa erabili zuten argudiotzat. Edozein legeren interpretazio murritza egin dezakete. Boterea baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.