Kritikoen izena hartuko du Ahal Dugu-ko talde parlamentarioak

Ahal Dugu-Orain Bai izango da taldearen izena; «iruzur demokratikotzat» jo du alderdiak

Iruñea
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Ahal Dugu-Orain Bai izango da Ahal Dugu-k Nafarroako Parlamentuan hartuko duen izen berria. Alderdiko zuzendaritzak Ahal Dugu-tik kanporatu zuen Laura Perez idazkari nagusi ohia, eta parlamentari akta itzultzeko eskatu zien Carlos Couso, Ruben Velasco eta Fanny Carrillo sektore kritikoko kide eta parlamentariei, baina laurek ez zuten parlamentari akta itzuli, eta horiek proposatu zuten talde parlamentarioari izena aldatzea. Proposamenak aurrera egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuko Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean. PSNk ezezkoa bozkatu zuen, eta UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak, berriz, abstentzioa. PPk eta Ahal Dugu-k eman zuten aldeko botoa.

Izen aldaketa onartzeak «ezustean» harrapatu du Perez, ez baitzuen halakorik «espero». Halere, uste du aldaketa «bereziki garrantzitsua» dela ikuspegi sinbolikotik. Izan ere, «nahasketak» saihesteko baliagarria izango da, Perezen iritziz. Gaineratu duenez, izena aldatuta, talde kritikoak ez du ibili beharko bat egiten ez duen alderdi baten «izenpean», eta erantsi du egungo zuzendaritzak ez dituela ordezkatzen eta «antolakunde bertikal» bat bihurtu dela. Bestalde, adierazi du izen berriak proiektu politiko berri bat sortzea ezkutatu nahiko balu «aspaldi egina» izango luketela, eta ez dela horrela izan.

Dani Lopez Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkaria, ordea, kritiko azaldu da izen aldaketarekin, eta «iruzur demokratikotzat» jo du; zehazki, «Orain Bai ez, Ahal Dugu bozkatu zuten 46.000 herritarrei eginiko iruzurra» da, Lopezen esanetan. Gainera, arbuiatu du «Europako alderdi ustelenaren babesarekin» gauzatu izana izen aldaketa. Edozein gisatara, uste du «positiboa» dela jendeak aurrerantzean «bereizi ahal izatea zer den eta zer ez den Ahal Dugu».

Kargugabetzea

Bestalde, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak atzoko bileran erabaki zuen Idoia Tajadura legelari nagusia kargugabetzea. Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarezek proposatu zuen neurria, harengan «konfiantza» galdu zuela eta. Aznarezek berak, Unai Hualdek (Geroa Bai) eta Maiorga Ramirezek (EH Bildu) bozkatu zuten kargugabetzearen alde. Kontra egin zuten, berriz, Alberto Catalan eta Maribel Garcia Malo UPNko parlamentariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.