Konstituzioak babesik eta gerorik ez du, EH Bilduren eta EAJren ustez

Bi alderdiek salatu dute Felipe VI.aren ereduak euskal herritarren eskubideak urratzen dituela

Maider Galardi F. Agirre.
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Felipe VI.a erregeak Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrena izan zuen hizketagai herenegun Gabon gauean egindako diskurtsoan. «Guztion arauak guztiok errespetatu behar ditugu», ohartarazi zuen zuen Espainiako erregeak. EAJk eta EH Bilduk, ordea, nabarmendu dute konstituzioak «agortutako marko bati» erreferentzia egiten diola eta «geroz eta babes gutxiago» duela. «Erregeak argi esan du zer ordezkatzen duen: galegoei, katalanei eta euskal herritarroi gure eskubideak eta erabakitzeko eskubidea ukatzea xede duen marko konstituzional bat», ohar egin du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Espainiako Kongresuko diputatuak.

«Erregeak dio trantsizioak guztien arteko loturak estutu zituela, baina guk ez dugu horrela ikusten. Ez genuen parte hartu konstituzioa idazterakoan, eta ez genuen babestu», nabarmendu du Aitor Esteban EAJko diputatuak. Areago, deitoratu egin du Espainiako erregeak «integrazioaz eta elkarbizitzaz» hitz egitea: «Integratuta al gaude euskal abertzaleak eta kataluniako abertzaleak?». Beitialarrangoitiak ere oroitarazi du Euskal Herrian ez zela babestu konstituzioa: «Guk konstituzioa ukatu genuen, gure eskubideak ukatzen dituelako».

40 urte bete dira aurten Espainiako Konstituzioa onartu zela, eta, Estebanen ustez, «geroz eta babes txikiagoa» du. Haren iritziz, hori «agerian» gelditu zen joan den abenduaren 6an, konstituzioaren urtemuga ospakizunetara joateari uko egin ziotelako Espainiako Kongresuko bost alderdik EAJk, EH Bilduk, ERCk, PDeCATek eta Compromisek eta Podemoseko zenbait kidek. Estebanek, gainera, gaitzetsi egin du Felipe VI.ak «Espainiaren oinarri sendoaz» hitz egitea: «Monarkia geroz eta gehiago jartzen da zalantzan, inoizko lurralde krisirik handiena dago, eta alderdien sistema ere, kolokan. Oinarri sendoa da hori?».

«Agortuta dagoen marko bati eusten dio erregeak. Marko horretan ez dago elkarbizitzarik, ez erabakitzeko eskubiderik», adierazi du Beitialarrangoitiak. Gainera, konstituzioa «gotortuta» dagoela esan du, eta ohartarazi du ez dagoela hori «garatzeko» borondaterik: «Transferentziak dira horren adibide».

Eskumenez ere jardun da Esteban. Autonomia Estatutua aipatu du: «Guztion arauak errespetatu behar badira, ez litzateke Autonomia Estatutua errespetatu beharko?». Eskualdatzeko falta diren eskumenak gogoan izateaz gain, Estebanek ohar egin du PPko eta Ciudadanoseko zenbait buruzagik dagoeneko esana dutela hezkuntza eta osasun eskumenek «Espainiaren esku» gelditu beharko luketela.

«Horregatik, uste dugu hausturen beharra dagoela. EH Bilduk konpromisoa du beste etorkizun bat eraikitzeko, oinarrian elkartasuna, justizia soziala eta berdintasuna dituena», adierazi du Beitialarrangoitiak.

«Sinesgarritasun falta»

Elkarrekin Podemoseko diputatu Nagua Albak ere nabarmendu du «gaur egungo arazoak» ezin direla duela 40 urteko «lege batzuekin konpondu», eta gehitu du «kutsu sozialeko» gaiak landu arren erregearen diskurtsoa ez dela «sinesgarria». Amaia Fernandez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko idazkari nagusiak, aldiz, txalotu egin du Espainiako erregearen hitzaldia, «trantsizioaren izpiritua» goratzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.