Gizon bat espetxeratu dute, bortxaketa egotzita

Adingabea da Gasteizen eraso diotena. Gipuzkoan ere beste gizon bat kartzelatu dute, sei adingaberi sexu abusuak egitea leporatuta

Eraso matxista salatzeko elkarretaratzea, atzo, Andoainen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuten asteartean, Gasteizen, adingabe bat bortxatzea leporatuta. Erasoa maiatzean izan zen, baina 15 urteko neskak asteon jarri du salaketa. Salatu duenez, diskoteka batean zegoen jai giroan, eta lonja batean esnatu zen «erdi biluzik», atxilotu duten gizona gainean zuela.

Gaineratu du gizona ahoa estaltzen ari zitzaiola, eta bortxatu egin zuela. Gizonak diskoteka horretan egiten zuen lan, eta zigor aurrekariak ditu sexu abusuengatik. Ertzaintzak Forondako komisariara eraman zuen gizona, eta, epailearen aurrean deklaratu ondoren, asteazkenean Zaballako kartzelan espetxeratu zuten, behin-behinean.

Horrez gainera, joan den astean 37 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Hondarribian (Gipuzkoa), gutxienez sei adingaberi sexu abusuak egitea leporatuta. Atxilotua astelehenean pasatu zen epailearen aurretik, eta gizona behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen.

Elkarretaratzea, Andoainen

Andoaingo Udalak (Gipuzkoa), berriz, adierazpen instituzional bat argitaratu zuen herenegun, herrian astelehenean izandako eraso matxista gaitzesteko. «Gure bizilagunak jasandako eraso larria erabat arbuiatzen dugu», azpimarratu zuen. Udalak adierazi zuen halako erasoak indarkeria matxistaren eta gizartean oraindik nagusi diren genero desberdintasuneko jarreren «adierazpen arbuiagarriena» baino ez direla. Halaber, «laguntza eta elkartasuna» eskaini zizkion biktimari.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erasoa gaitzetsi zuen. «Gizonen eta emakumeen berdintasunik eza dago halako erasoen oinarri-oinarrian, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak». Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Andoainen, erasoa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.