Esportazioek %9,9 egin dute gora maiatzean

Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak ia %10 hazi dira maiatzean, 2018ko maiatzarekin alderatuta. Datuak garrantzi berezia du kontuan izanez gero ondasun energetikoen esportazioa %24,9 jaitsi dela, hein handi batean Petronorrek egindako geldialdien ondorioz. Ondasun ez-energetikoen esportazioaren hazkundeak, bereziki Gipuzkoan (%31,2) posible egin du zenbakiek hazten jarraitzea. Hala, 2.440 milioi euroren esportazioak egin dira maiatzean, aurreko urtean baino 221 milioi gehiago.

Eustatek esportazio jardueren motak ere aztertu ditu. Behera egin duten esportazioen artean zenbait sektore garrantzitsu daude, hala nola autogintza, siderurgia —nagusiki, Araban—, erabilera orokorreko makineria eta, bereziki, kokea eta petrolio fintzea; petrolio fintzea %52,3 apaldu da, 2018ko maiatzarekin alderatuta. Beste aldean, bi dira asko hazi diren esportazioak: metalezko ondasunak (%18,7) eta bestelako garraiorako materiala (%152,2); garraiorako materiala, Gipuzkoan.

Produktu horien bezero nagusiak Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Italia dira, ia guztiak Europako Batasuneko kideak; %66,2 hara esportatu da.

Halaber, esportazioen pareko hazkundea izan dute inportazioek (%10,1), eta 1.903 milioirenak izan dira. Deigarria da oso ezberdinak direla datuak herrialde batetik bestera: Bizkaian eta Gipuzkoan, inportazioak %18 eta %11,9 hazi dira; Araban, berriz, %9,9 murriztu.

Guztira jasotzen diren produktu inportatuen ia laurdenak biltzen ditu erauzketa eta petrolio industriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore garrantzitsuen artean, ordea, erauzketa eta petrolio industria izan da inportazioak igo dituen bakarra (%12,1); behera egin dute siderurgia produktuek (-%2,6), motor ibilgailuek (-%8,5) eta erabilera orokorreko makineriak (-%3,6).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.