Noiz sortua: 2018-08-07 00:30:00

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, aitaginarreba hiltzea leporatuta

Igandean gertatu zen erasoa, baina gaur eramango dute ustezko hiltzailea epailearen aurrera

Ane Lamarka Etxeberria -

2018ko abuztuak 7

Espainiako Poliziak Iruñeko Sanduzelai auzoko bizilagun bat atxilotu zuen herenegun, aitaginarreba hiltzea leporatuta. Erasoa eguerdi aldera gertatu zen, baina ustezko hiltzaileak sei ordu eman zituen bere etxean itxita. Bikotekidea bahitua zuela pentsatu zuen Poliziak; beraz, harekin negoziatzen jardun behar izan zuten; 20:40 aldera etxeko atea bota, eta atxilo hartu zuten. Lehen ikerketen arabera, «eztabaida gogor baten ondorioz» hil zuen gizonak aitaginarreba, objektu gogor batekin buruan joz. Polizia etxean egin ditu azken orduak atxilotuak; gaur epailearen aurrera eramango dutela espero da.

Santa Bizenta Maria kalean gertatu zen hilketa. 60 urte zituen hilakoak, eta 38 ditu ustezko hiltzaileak. Eraikin berean bizi ziren biak, zenbait seniderekin batera. Ikertzaileen arabera, biktimaren etxean gertatu zen erasoa, «eztabaida bortitz baten ondoren»; gorpua, ordea, eraikineko garajean aurkitu zuten, garuneko traumatismo bat zuela; medikuak iritsi orduko, gizonaren heriotza ziurtatu besterik ezin izan zuten egin.

Hasieran, poliziek pentsatu zuten atxilotuak tiroz hil zuela aitaginarreba. Auzitegi medikuek eginiko lehen ikerketek, ordea, hipotesi hori baliogabetu dute, eta ondorioztatu dute «objektu gogor batekin» jo zuela buruan, «behin edo behin baino gehiagotan».

Hilketak, ordea, hankaz gora jarri zuen igandean Sanduzelai auzoa. Izan ere, ustezko hiltzailea eraikineko bosgarren solairura igo zen, bere etxera, eta sei ordu eman zituen bertan itxita. Poliziek pentsatu zuten bahitua zuela bikotekidea, eta negoziazio taldeari deitu zioten. Leihotik salto eginda bere buruaz beste egitearekin ere mehatxatu zuen gizonak; beraz, suhiltzaileek aire lastaira bat jarri zuten bere etxeko leihoaren azpian. Denborak aurrera egin ahala, ordea, lasaituz joan zen gizona: hainbatetan gerturatu zen leihora, eta inguruan zebilen jendea agurtu zuen. Bere anaiarekin ere hitz egin zuen, eta hark eskatu zion bere burua entregatzeko. Sei orduren ondoren atxilotu zuten; gizonak ez zien poliziei aurre egin.

Espainiako Poliziak bere gain hartu du ikerketa, eta guardiako epaileak sekretupean jarri du auzia. Azken orduetan, polizia etxean izan dute ustezko hiltzailea, atxiloaldiaren barruan; gaur dira epailearen aurrera eramatekoak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna