EAJk eta PSEk poliziaren biktimen legearen moldaketa aurkeztu dute

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako aldaketak jaso dituzte lege proposamenean

Edurne Begiristain -

2018ko urriak 12
Poliziaren biktimen Euskal Autonomia Erkidegoko legea erreformatzeko proposamena erregistratu zuten atzo Iñigo Iturrate jeltzaleak eta Jose Antonio Pastor sozialistak Eusko Legebiltzarrean. Lege egitasmoan jasota daude Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako aldaketak, eta horiek eragina izango dute legearen hiru artikulutan eta seigarren xedapen gehigarrian. Zehazki, aldaketa horien ondorioz, legeak berariaz uko egingo dio delituen ikerketari, eta, beraz, auzibideari. Testuak preseski jasoko du auzibidea baztertzeko asmoa, eta kasuak aztertuko dituen Balorazio Batzordearen xedea ez dela izango gertatutakoa argitzea, «espedienteen ebazpen osatuena egitea» baizik. Jeltzaleen eta sozialisten esanetan, aldaketok ez dute eraginik izango legearen mamian, eta eutsi egingo zaio arauaren helburuari, hau da, «injustuki ahaztutako biktimak aitortzeari eta erreparatzeari».

Polizia gehiegikerien biktimen legea joan den 2016ko uztailaren 28an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSEren aldeko botoekin —EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk—. Lege horren helburua da 1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Madrilek, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal behin-behinean eten zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Aurtengo uztailean, Jaurlaritzak eta Sanchezen gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, helegitea kentzearen truke.

EAJk eta PSEk gaur erregistratu duten lege egitasmoak aldaketa horiek biltzen ditu. Besteak beste, gertakariak argitu adiera ageri da 2016ko arauaren bi artikulutan, eta horiek ezabatu egin dituzte, ez dadin ulertarazi kasuak aztertuko dituen Berme Batzordeak epaitegien egitekoa ordezkatu nahi duela. Horrez gain, aurkeztutako lege proposamenaren arabera, delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dute auzitegiek ebatzitakoa, eta ustezko delitu egileek «ohorerako, errugabetasun printzipiorako eta datu pertsonalen babeserako eskubidea» bermatuko da. Lege proposamena sustatu duten bi taldeen arabera, orain «babes handiagoa» emango zaie balizko biktimarioei, haien ohore eskubidea, errugabetasun presuntzioa eta intimitate eskubidea zaintzeko. «Gure eskumenen esparruan posible genuen legerik onena egin dugu, epaileei dagokien lana gure gain hartu gabe», adierazi dute.

EAJk eta PSEk azaldu dute legeari egindako aldaketak «puntualak» direla, bere horretan uzten dutela arauaren jatorrizko zentzua, eta egindako aldaketek «segurtasun juridiko handiagoa» ematen diotela legeari. EAJk eta PSEk azaldu dute euren asmoa beti izan dela «biktimen interesak lehenestea», baina, hainbat eremutan piztutako «zalantzak eta zuhurtziak» ikusirik, horiek konpondu nahi izan dituztela. «Erreformak egingo ez bagenitu, irteerarik gabeko kalezulo batean sartuko ginateke, eta zapuztu egingo genituzke kolektibo baten itxaropenak, jakinda kolektibo hori babesgabe sentitu dela botere publikoen aldetik», argudiatu dute bi taldeek.

Legearen mamia Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago oraindik, Espainiako Gobernuak estatuko abokatuari jada agindu dion arren helegitea erretiratzeko. Hori hala, lege proposamena premiaz tramitatzea galdegin dute Iturratek eta Pastorrek. Halaber, gainerako taldeei eskatu diete poliziaren biktimen erreparazioaren alde egin dezatela, proposamena babestuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna