Bilera egingo dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eskumenez

Asteleheneko batzarrean, Jaurlaritzaren esku geldituko dira orain arte eskualdatu gabeko bi eskumen

gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ados paratu dira orain arte eskualdatu gabe zeuden bi eskumen —AP-1 errepideko zati bat Araban eta bi trenbide Bizkaian— Jaurlaritzaren esku uzteko, eta datorren astelehenean bilera egingo du bi aldeek osatzen duten batzorde mistoak, eskualdatze horren xehetasunak hitzartu eta ofizial egiteko.

Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera Bilbon egingo dute. Jaurlaritzaren aldetik, Josu Erkoreka Autogobernu sailburu eta ohiko bozeramailea izango da ordezkaritza burua; Espainiako Gobernuaren aldetik, berriz, Lurralde Politikarako ministro Meritxell Batet izango da burua. Ordezkaritza bakoitzak zortzi kide izango ditu.

Jaurlaritzaren arabera, oraindik 37 eskumen gelditzen dira eskualdatzeko. Horien artean daude orain Jaurlaritzaren esku geldituko direnak: Armiñon (Araba) eta Burgos (Espainia) arteko AP-1 errepideko zatia (sei kilometro) eta bi trenbide, Basurtutik Arizerakoa (7,8 kilometro) eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo artekoa (5,7 kilometro), Bizkaian. Izan ere, 2016an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen eskumen horiek Jaurlaritzari zegozkiola.

Transferentzien Batzorde Mistoaren lantalde teknikoa lanean hasi zen 37 eskuduntza horietatik ustez zailtasun tekniko gutxien zuten eskumenen inguruan, horien artean AP-1 errepideko zatia eta Bizkaiko bi trenbideak, eta, azkenean, ados jarri dira. Eskualdatzea asteleheneko bileran gauzatuko da.

Lehenengo aldia da Transferentzien Batzorde Mistoak bilera egiten duela 2011tik; urte hartatik ez da eskumenik igaro Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara. Halaber, batzorde horrek bigarren aldiz egingo du bilera Euskal Herrian, Gasteizen ere egin baitzuten bat 2010ean.

Egutegi baten beharra

Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du eskumen horien inguruko adostasuna, «eskuduntzarik inportanteenak ez diren arren», eta berriro ere esan du ezinbestekoa dela eskualdatzeko falta diren gainerako eskumenei buruzko egutegia zehaztea, are gehiago hauteskundeak aurreratzeko aukeraz zurrumurruak hedatzen hasi direla kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.