Gorpuzki gehiago topatu dituzte Getxoko Arrigunaga hondartzan

Auzitegi medikuak ikertzen ari dira ea bateragarriak diren joan den urtarrilean leku berean aurkitutako arrastoekin

Arrigunaga hondartza, artxiboko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Gorpuzki batzuk topatu zituzten herenegun Getxoko Arrigunaga hondartzan (Bizkaia), eta auzitegi medikuak ikertzen ari dira ea bateragarriak diren joan den urtarrilean leku berean aurkitutakoekin. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko iturriek Efe berri agentziari adierazi diotenez, itxura denez, Barakaldoko (Bizkaia) gizon baten hilketarekin lotura dute topatu dituzten gorpuzkiek.

Hain zuzen, abenduaren 24an Barakaldon (Bizkaia) desagertutako pertsona batenak ziren duela bi hilabete pasa Arrigunagan topatutako gorpuzkiak. Horren harira, Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu zuen aurreko martxoaren 8an, Barakaldon, azaldu ziren gorpuzkiekin zerikusia zuelakoan. Bi egun geroago Basauriko kartzelara eraman zuten Guardiako Epaitegiaren aginduz, hilketaren egilea izan zela aitortu baitzuen, Ertzaintzaren arabera.

Horrez gain, Ertzaintzak gorpuzkiak zituzten bi poltsa aurkitu zituen martxoaren 8an Bilboko itsasadarrean, Ibaizabal ibaian, eta Segurtasun Sailak adierazi zuen lotura izan zezaketela Arrigunagako kasuarekin.

El Correo egunkariak atzo kaleratutako informazioaren arabera, Ertzaintzaren urpekariak eta Txakurren Unitateko txakurrak ere hondartza miatzen aritu ziren atzo, gorpuzki gehiago topatzeko ahaleginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.