GuraSOSen ustez, erraustegia modu «arduragabean» ari dira kudeatzen

Uste du Gipuzkoako Fiskaltzaren ikerketak asmoa duela plantaren «ilegaltasun egoera» argitzeko. GHK aztertzen ari da GuraSOS auzitara eramatea

GuraSOSeko Joseba Belaustegi eta Mertxe Petxarroman, atzo Donostian egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
GuraSOSen salaketa aintzat hartuta, Gipuzkoako Fiskaltza Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) legeztatze prozesuan izandako ustezko irregulartasunak ikertzen hasi da. Plataformaren arabera, instalazioaren «ilegaltasun egoera» argitzea, salatutako ekintzen «balizko tipikotasuna» zehaztea, eta horiek egin zituzten pertsonak «identifikatzea» du helburu ikerketak.

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarentzat, ordea, GuraSOSen «erasoek eta salaketek» ez dute «inolako oinarririk», eta atzo arratsaldean plataformari «erantzuteko» soilik gaztelaniaz kaleratutako ohar batean jakinarazi zuenez, plataforma auzitara eramatea aztertzen ari da. Entitate publikoaren arabera, «erabateko gardentasunez» jokatu du une oro, «ezarritako prozedura guztiak betez». Gogoratu du orain arte elkarteak jarritako «salaketak eta helegiteak» hogei baino gehiago izan direla, baina auzitegiek «beti» erabaki dutela horiek aintzat ez hartzea.

Fiskaltzaren erabakia azaltzeko, hain zuzen, prentsa agerraldia egin zuten GuraSOSeko kide Joseba Belaustegik eta Mertxe Petxarromanek, atzo goizean, Donostian, eta eskatu zieten epaileei ikerketa fasea irekita dagoen bitartean plantaren jarduera behin-behinean eten dezatela. Belaustegik salatu zuen hondakinak tratatzeko instalazioa, «bere osotasunean», era «arduragabean» ari direla kudeatzen, «ezkutuan», eta ingurumenarengatik zein segurtasunarengatik «erdeinua» adieraziz.

Entitate publikoa ez dago ados horrekin, eta plataformak agerraldian esandakoa «gezurtatu» zuen, eta azpimarratu bai kontsortzioak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Eusko Jaurlaritzak ere «ahalik eta prestutasun eta gardentasun handienarekin» jokatu dutela, «transmititu den informazio guztian egiaztatu ahal den moduan». Jose Ignacio Asensio GHKren presidentearen eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren hitzak ere jaso dituzte oharrean: «GHK-ko langile eta funtzionarioen profesionaltasuna eta lan ona nabarmendu nahi ditugu».

Herenegun plantan gertatutako suteari dagokionez, GHK-k esan du «berehala» kontrolatu zutela, «larrialdietarako protokoloa aktibatuz». GuraSOSekoek adierazi zutenez, «azken hilabeteotan» erraustegian piztutako hirugarren sutea izan zen, baina aurrekoetako bat asteartekoa baino «askoz ere larriagoa»izan zen. Belaustegik azpimarratu zuenez, ez dira «ezustean» gertatutakoak, eta pizten dira hondakinen hobiaren funtzionamendu «okerraren ondorioz». GuraSOSekoak zehaztu du hobian metanoa sortzen dela, eta horrek eragiten dituela suteak, «Zaldibarko zabortegian gertatu zen moduan».

«Espediente asko»

Plataformaren esanetan, instalazioko bi labeak eta balorizazio katearen atalak «modu ilegalean» funtzionatzen ari dira orain, nahiz eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri zuen lehengo astelehenean transformadore nagusia asteburuan jarri zutela martxan —irailean erre egin zen—, «normaltasun osoz eta bete-betean». Belaustegirentzat, GHK-k «saihestu» egin du instalazioaren «ilegaltasun egoera». Iruditzen zaio ezin dela esan planta bete-betean ari dela funtzionatzen, «ez duelako gainditu proba fasea, eta are gutxiago ez gas eta argindar instalazioen ikuskatzea, ezta segurtasuna bermatzeko eta ingurumena babesteko behar diren baimen, homologazio eta agiri multzoa». Adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak «espediente asko» helarazi beharko dizkiola fiskaltzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.