Ander Aranburu. AEGAko salmenten burua

«Geroz eta diesel auto gutxiago salduko dira etorkizunean»

Irati Urdalleta Lete.
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gipuzkoako automozio enpresarien elkarteko salmenten burua da Ander Aranburu. Datuek erakusten dute diesel autoen salmentak beheraka doazela, eta gasolina autoenak goraka; hori erakusten du azken zortzi urte hauetako joerak. Hala ere, dago horrek ez duela eraginik auto horien prezioan eta auto elektrikoen salmentan.

Nabari al da diesel auto gutxiago eta gasolina auto gehiago saltzen direla?

Bai, noski. Auto salmentetan dieselaren pisua geroz eta txikiagoa da. 2010ean izan zen salmentarik handiena, urte horretan autoen %74 dieselak izan baitziren. Hortik aurrera, gutxinaka, ehuneko hori jaitsiz joan da, eta 2017an saldutako autoen %43 izan ziren dieselak.

Horrek ekar al dezake gasolio autoen prezioak behera egitea, eta gasolina autoenak gora?

Ez. Hala ere, bereizketa bat egin beharra dago: auto berrien kasuan, prezioek ez daukate igo edo jaitsi beharrik batzuk besteak baino gehiago saltzen direlako. Bigarren eskuko autoen kasuan, aldiz, diesel autoek lehen baino balio txikiagoa dute orain.

Autoen ekoizleak egokitu al dira aldaketa horietara?

Bai, noski. Segmentu batzuetan beste batzuetan baino gehia go nabarmendu da aldaketa. Auto txikietan, ia %80 gasolinazkoak dira. Kotxe handietan, berriz, dieseldunak %50 baino gehiago dira. Ekoizleak egokitzen dira erosleak eskatzen duenaren arabera.

Badirudi Espainiako Gobernuak gasolioaren zerga igo nahi duela, eta gasolinarenarekin berdindu. Eraginik izan al dezake horrek salmentetan?

Gasolioaren zerga igotzen bada, oraindik eta alde txikiagoa egongo da dieseletik gasolinara. Lehen, gasolioa merkeagoa zelako erosten zuen jendeak diesel autoa. Orain, berriz, alde gutxiago egongo da, eta geroz eta diesel gutxiago salduko dira.

Auto elektrikoen salmentari dagokionez, nolakoa da egoera?

Autoen elektrifikazioaren teknologia garatu da, eta hemen geratuko da. Geroz eta merkatu handiagoa bada ere, 2017an salmenten %0,5 izan zen elektrikoena, eta aurten ere ez da %1era iritsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.