'Aquarius' ezin lehorreraturik dago ostiraletik, 141 iheslari daramatzala

Italiak eta Maltak lehorreratzeko baimena ukatu diote ontziari. Espainiak dio ez dela kai segurua

Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Aquarius ontzia berriz ere bilakatu da errefuxiatuen egoera isilaraziaren oihartzun. SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundearen ontzia ezin lehorreratu dago joan den ostiraletik. Egun horretan bi erreskate egin zituen; goizaldean, 25 lagun zeramatzan txalupa bat erreskatatu zuen, eta, goizean, 116 ontzi zeramatzan gabarra bat. Azken horretan, 67 adingabe zeuden, tartean 6 urtetik beherako bost haur, eta haurdun dauden bi emakume. David Beversluis Mugarik Gabeko Medikuen ordezkariak jakinarazi du errefuxiatuak onik daudela eta bi asterako janaria dutela.

Ontzia Italia eta Malta arteko uretan dago, «argibideen zain», bi herrialde horiek lehorreratzeko baimena ukatu baitiote itsasontziari. Espainiako Gobernuak, berriz, jarreraz aldatu du; izan ere, iragan ekainean ontziari harrera egiteko prest agertu zen beste herrialdeen debekua ikusita, baina, oraingoan adierazi du ez dela «kairik seguruena», argudiatuz «nazioarteko zuzenbideak» aurreikusten duela «kai gertukoenean» lehorreratu behar dela. Gobernuarentzat, oraingoan «ez dago lehengo krisi humanitariorik».

PSOEren jarrerak kritika ugari eragin ditu. Espainiako Immigrazio eta Errefuxiatuen Laguntzarako Sareak erabakia berriz pentsatzeko eta ontziari porturatzen uzteko eskatu dio Pedro Sanchezi. Oposizioko alderdiek ere egin dizkiote kritikak Espainiako presidenteari. PP Alderdi Popularrak «demagogiaz» jokatu izana egotzi dio. Rafael Hernando Kongresuko bozeramaile ondokoaren hitzetan «errealitatearekin talka» egin du, eta aurrekoan ontziari harrera egitean «gaitasunik ezaz» aritu zen, «erakartze efektua eragin» zuelako eta «zeharkaldien ibilbidea aldarazi» zuelako. Hernandok iradoki du ontzia Libian lehorreratu beharko lukeela: «Aquarius eta horrelako gobernuz kanpoko erakundeei eskatuko nieke kai gertuenera joatea, eta kai gertukoena, seguruena, Libiako kairen bat izango da».

Bartzelonaren eskaintza

Bartzelonako Udalak, aurrekoan bezala, itsasontziari ongi etorria emateko prest dagoela jakinarazi zuen —Valentzian porturatu zen azkenean Aquarius—.

Europako Batzordeak, berriz, jakinarazi du estatu kideekin harremanetan dagoela «erabateko babes diplomatikoa» emateko eta «negoziatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.