Zubigintzari dei egingo diote Kilometroetan, urriaren 7an

Urretxu-Zumarragak hartuko du Gipuzkoako ikastolen aldeko festa, 'Zubiak batuz' lelopean

Urretxu-Zumarraga Ikastolako ordezkariak, atzo, Donostian. KILOMETROAK.
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Urretxu-Zumarraga Ikastolak zubigintzaren ideiaren bueltan ondu du Gipuzkoako ikastolen aldeko aurtengo festa, lehen lerrora ekarrita zubiek «batzeko eta harremanak sendotzeko» duten ahala. Hortik hautatu dute leloa: Zubiak batuz. Urriaren 7an izango da jaia, bi igande barru, eta egitaraua dagoeneko prest dutela jakinarazi dute.

Hirugarrenez hartuko du Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak jaia; aurretik, 1985ean eta 2002an egin zen festa bi herrietan. Gaur egun, eraldaketa pedagogikoan murgilduta dago ikastola, eta eredu berrira egokitzeko berrikuntzak egiten ari dira. Udan, LH eta DBHkolehen zikloko guneak moldatu dituzte, eta berrikuntzaren bide horretatik jarraitzera bideratuko dute urriaren 7an bildutako dirua.

Berrikuntzaren aldeko apustua berresteaz gainera, Urretxu-Zumarraga Ikastolak gogora ekarri du Kilometroak jaiaren helburua «euskara bultzatzea» dela, eta nabarmendu dute egitasmoaren bidez erabilera zabaldu eta indartu nahi dutela.

Egitaraua, gertu

Aurtengo jairako prestatutako zirkuituak bi herriak zeharkatuko ditu. 5,9 kilometro luze izango da, eta lau gune izango ditu: Ikastola, Zumarragako plaza, Etxaburu eta Santa Barbara. Zumarragako tren geltokia zirkuituan bertan egongo da, eta Renfek zerbitzu berezia eskainiko du.

Egunean bertan, 1.500 lagun baino gehiago arituko dira lanean, tartean herriko hainbat eragile eta kultur talde. Eguna hasteko, edukiak sortzen aritu ziren irakasleak omenduko dituzte, eta, ondotik, festa giroak hartuko du zirkuitua. Besteak beste, Gorpuzkingz, Willis Drummond, Hesian, Voltaia, La Basu eta Erasoren kontzertuak iragarri dituzte.

Adierazi dute Kilometroak jaian arazo bihurtu direla alkoholaren eta drogen kontsumoa eta indarkeria matxista, eta, hori ikusita, «errespetuaren aldeko aldarria» egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.