Volkswagenek mozorrotu du moteltzea Nafarroan

Landabenen iazko udako geldialdiak %3,3n utzi du urte arteko tasa

Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Beste behin, Volkswagenen gorabeherek markatu dute Nafarroaren bilakaera makroekonomikoa. Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan eta eurogune osoan antzemandako hazkundearen moteltzea ia ez da ageri urte arteko tasan, hamarren bat baizik ez baita jaitsi, %3,4tik %3,3ra. Hiruhileko arteko tasan, berriz, ikusi da ekonomiak erritmoa galdu duela: urteko lehen bietan %1 hazi ondoren, %0,6ra iritsi da hirugarrenean. Arrazoia VWen modelo berrian aurki daiteke: iazko ekainean geratuta egon zen Landaben, fabrika Polo berrira egokitzeko, eta uztailaren amaieran ekin zioten berriro ekoizpenari, baina poliki. Horren ondorioz, aurtengo autoen ekoizpena iazkoaren halako hiru izan da, eta hori ikusten da urte arteko hazkunde tasan (+%3,3). Eragin hori ez da ikusten hiruhileko arteko tasan, eta horregatik eragin dio nazioarteko ekonomiaren moteltzeak.

Hurrengo hilabeteetan hazkundea apalduko duela uste du Nafarroako Estatistika Institutuak. 2019 osorako %2,7ko tasa iragarri du. «Hedapen indartsuaren osteko lasaitasunari» egotzi dio beherakada, baina baita interes tasen igoerari, merkataritza gerraren ondorioei eta Italiaren eta EBren arteko «tentsioari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.