Frantziako Gobernuak Jaka Horiei esan die ez duela atzera egingo

Hirugarren egunez, Baionako sarrerak eta bideak itxi dituzte, erregaien garestitzearen aurka

Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hirugarren egunez jarraian, Jaka Horiak mugimenduko kideek Lapurdi itsasaldeko hainbat errepide moztu zituzten atzo, erregaiaren garestitzea salatzeko. Frantzian ere jarraipena izan zuen mobilizazioak, eta heldu den larunbatean Parisen protesta bateratu baterako deia ere egin zuten. Frantziako Gobernuak, ordea, ez du oraingoz atzera egiteko imintziorik egin. Manifestarien kexua «entzun» duela esan du, baina eutsi egiten dio 2019ko urtarrilaren 1ean erregaien gaineko zergak igotzeko asmoari.

Bidarten, Mugerren eta Baionan bideak itxi zituzten atzo goizean Jaka Horiek. Lapurdiko hiriburuan trafiko arazo handiak eragin zituzten, hirietako sarbide nagusietako bat trabaturik izan baitzuten, Henri Grenet zubia hain zuzen ere. Auto ilara luzeenak, ordea, A-63 autobidean egon ziren: 11 kilometrotik gorakoak ere izan ziren Biriatuko ordainlekuan. Itsasaldetik urrunago ere izan ziren arazoak, A-64 autobideko ordainlekuan ere kokatu zelako Jaka Hori talde bat, Samatzen (Nafarroa Beherea). Poliziak ez zuen gatazken berri eman. Larunbatean, gidari batek manifestari bat zauritu zuen Ametzondoko merkataritza gunean, eta hiru, berriz, Grand Basque gunean.

Jaka Horien eskaera nagusia da bertan behera geratzea erregaien gaineko zergaren emendatzea. Gasolinaren gaineko zerga 2,9 zentimo igo nahi du Parisko gobernuak 2019 hasieran, eta 6,5 zentimo, berriz, gasolioarena. Bi zergak bateratzea da Emmanuel Macron presidentearen xedeetako bat, eta bildutako dirua trantsizio energetikoa finantzatzeko izango dela azaldu du.

Haserrea

Baina neurri zehatz hori «gasolina depositua gaindiarazi duen tanta bat izan da», manifestari batek larunbatean BERRIAri aitortu zionez. Funtsean, haserre bat adierazten du Jaka Horien mugimenduak, erosteko ahalmenaren higatzeari eta zerbitzu publikoen argaltzeari lotua. Bada soziologo batzuek nabarmendu duten beste ezaugarri bat: gizartearen zatiketa. Hirietako biztanleak leudeke alde batean, garraio publikoarekin hobeto hornituak; haien aurrean, hirietako kanpoaldekoak eta nekazaritza eremuetakoak, auto partikularren menpekotasun handiagoa dutenak, eta gizarte zerbitzuen argaltzea ere sakonago jasaten ari direnak.

Bere boto emaileak batez ere lehen taldean dauden heinean, nekez egingo du atzera Macronek. Gainera, bada presidentearen beste asmo bat: bere aurrekoekin desberdin jokatu nahi duenez, lehentasun gisa jarri du protesten aurrean men ez egitea eta hartutako erabakiei eustea.

Mugimenduak indarra galduko duen itxaropena dute Macronek eta bere gobernuak, dela nekearengatik, dela antolaketa eskasagatik, dela barne kontraesanengatik. Helburu horretan laguntza pixka bat ere jaso zuen atzo, FNTR garraiolarien federazio garrantzitsuenak esan baitzuen ez duela protestarekin bat egingo: «Ulertzen ditugu manifestarien arrazoiak, baina garraiolarien egoera ekonomiko estuak ez die uzten lanaldirik galtzen».

Asteburuan Edoaurd Phillippe lehen ministroak egindakoaren ildotik, atzo François de Rugy Trantsizio Ekologikorako ministroari egokitu zitzaion gobernuaren leloa errepikatzea: ulertzen duela «zenbait jenderen haserrea, gauza batzuekin nazkatuta izatea», baina ez duela «lehen zailtasunen aurrean» erregaiaren garestitzea etengo. «Lehen ministroari eta Errepublikako presidenteari esango banie zailtasun anitz badirela eta hobe dela dena geratzea, horrek esan nahiko luke ezingo genukeela ezer egingo klimaren alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.