Nafarroan, hamarren bat moteldu da ekonomiaren hazkundea
Oraingoz, datuak baieztatzen ari dira Nafarroako Gobernuaren eta beste iragarle batzuen iragarpenak. Iragarpen guztiek diote nazioarteko faktoreen eraginez ekonomia motelduko dela, baina gutxi. 2019ko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,8 hazi da BPG barne produktu gordina. Aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago da, eta neurri horretan moteldu da urte arteko hazkundea ere: %2,9tik %2,8ra.
Inguruko ekonomiena baino hobeagoa da Nafarroako datua. Horrela, Eustatek dio Gipuzkoa %2,5 handitu dela azken urtean, Bizkaia %2,1, eta Araba, berriz, %1,8 baizik ez. Espainiakoa ere Nafarroakoa baino gehiago moteltzen ari dela baieztatu zuen atzo INEk, ozta-ozta iritsi baita %2ra.
Nafarroako Estatistika Erakundeak azaldu duenez, industriari zor zaio Nafarroako ekonomiaren moteltze apala. Izan ere, sektore horretan hazkundea %1,6tik %1,3ra igaro da. Nekazaritzak ere ez du hiruhileko ona izan (%1,3tik %0,7ra jaitsi da), baina bai, ordea, eraikuntzak (%3,3tik %3,5era igo da) eta zerbitzuek (%3,8tik %3,7ra).
Administrazio publikoen gastuaren ekarpena nabarmendu da: %3,5 ari da hazten, eta azken urteotako daturik onena da hori. Motelago dabiltza familien gastua (%2,4) eta inbertsioa (%1,9).
Enpleguari dagokionez, duela urtebete baino %2,6 lanpostu gehiago daude. Batez ere eraikuntzan (+%4,6) eta zerbitzuetan (+%2,7) ugaritu dira lanpostuak, eta gutxiago industrian (+%2,2) eta nekazaritzan (+%1).
Joan den astean, Laboral Kutxak iragarri zuen Nafarroako ekonomiak sendo eutsi diola oraingoz nazioarteko motelaldiari, eta aurten %2,7 haziko dela kalkulatu zuen.
Zorra, gora
Kopuru horrek lagun dezake zor publikoak BPGan duen pisua gehiago jaisten. 2017 hasieran %20tik gertu ibili ondoren, %16,7ra jaitsi dela jakinarazi zuen atzo Espainiako Bankuak. 3.475 milioi zor zituen Nafarroak ekainaren 30ean, hiru hilabete lehenago baino 82 milioi gehiago.
Are gehiago hazi da Jaurlaritzaren zorra: 501 milioi. Izan ere, Gasteizko gobernuak interes tasa txikiak baliatu ditu zorpetzea urte hasieran egiteko. Apirilean, bonu jasangarrietan 600 milioi euroren zorra saldu zuen. Guztira, 10.752 milioi euro zor ditu, BPGaren %14,3.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.