Horniduran arazoak arintzen ari dira, baina egoera ez da normala

Gipuzkoako Bazkundeak espero du aurten langabezia %5era hurbilduko dela lurraldean

Iker Aranburu - Irune Lasa
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Baikortasun zuhur batekin ekin diote 2022. urteari Gipuzkoako enpresek. Iaz hasitako suspertzea sendotuko dela uste dute Gipuzkoako Bazkundearen inkesta erantzun dutenek, eta are gehiago: urtea pixka bat hobea izango dela adierazi dute. Arazoak, ordea, ez dira falta, hala nola nazioarteko hornidura arazoak, inflazioak jaitsitako irabazi tarteak eta COVID-19ari lotutako maileguak itzultzen hasi beharra.

Nazioarteko hornidura kateetan iazko udaberrian sortutako arazoak gutxika bada ere arintzen ari direla ziurtatu du Javier Zubia Bazkundeko idazkari nagusiak, baina esan du egoera oraindik «normaltasunetik urrun» dagoela, batez ere autogintzan.

Hornidura kateetan sortutako inbutu efektua izan da, hain zuzen ere, energiaren eta lehengaien garestitzearen faktoreetako bat, eskaintza ez dela askotan gai izan eskariari erantzuteko. Horrek badu eragin kaltegarri bat enpresetan ere, «oso zaila delako kostuen igoera osoa prezioetan islatzea», eta, ondorioz, enpresen irabazi tarteak txikiak direlako.

Pandemiak ekarritako krisia arintzeko erakundeek emandako maileguei dagokienez, Zubiak onartu du oso baliagarriak izan zirela, baina gogorarazi du suspertzea oso desberdina izan dela sektore batetik bestera, eta ostalaritzan eta merkataritzan batzuek arazoak izan ditzaketela orain dirua itzultzeko. Astelehenean SEA Arabako patronalak eta joan den astean Elkargik ere ohartarazi zuten arazo horri buruz.

Faktore horien bilakaerak baldintzatuko du aurten Gipuzkoako barne produktu gordina %4,5 edo %6 handitzea. Enpresa gehienek espero dute etekina aterako diotela hazkunde horri, hamarretik bederatzik espero baitute aurten beren salmentak handitzea edo iazko mailan jarraitzea. Txikizkako merkataritzan jaisten da pixka bat enpresa baikorren kopurua, %82k uste baitute egoerak ez duela okerrera egingo.

Langabeziari dagokionez, Gipuzkoako Bazkundeak uste du aurten beste 5.000 enplegu sortuko direla lurraldean, eta horri esker langabezia tasa %5era hurbilduko dela, langabezia teknikoa deitzen den horretatik oso hurbil.

Esportazioekin gustura azaldu dira Bazkundeko buruak: iaz %16,3 ugaritu ziren, eta aurten handitzea espero dute enpresa gehientsuenek. Europa eta Ipar Amerika dira helmuga nagusiak, baina hortik kanpora ere ateratzeko eskatu diete enpresei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.