Motelaldia nabaritu gabe, urtebetean %3,4 handitu da Nafarroako ekonomia

Lehen seihilekoan %2 hazi da, eta 2006tik ez zen halako hazkunde tasarik. Gobernuak sei hamarren igo du aurtengo aurreikuspena: %2,7tik %3,3ra

Joxerra Senar -

2018ko abuztuak 1
Oraingoz, kontrako haizerik ez du nabaritu. Alderantziz, lehen sei hilabeteetan, Nafarroako ekonomia aurreikuspenen gainetik hazi da. Hala baieztatu zuen, atzo goizean, Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak. Aurten, iaz baino apur bat motelago haztea aurreikusten zuen gobernuak, baina kontrakoa gertatu da: iazko ekainarekin alderatuta, urtebetean %3,4 handitu da barne produktu gordina. Gainera, urteko lehen bi hiruhilekoetan %1eko hazkunde tasak kateatu ditu. Krisi aurreko garaira, 2006ra, jo beharra dago hain hazkunde erritmo azkarra ikusteko.

Berez, 2006an, %3,9ko hazkundearekin amaitu zuen urtea Nafarroak, baina baikortasunari hegalak eman aurretik, «zuhur» jokatu nahi izan du Aierdik oraingoan. Hazkunde hori gauzatzeko, nazioarteko arrisku faktoreak desagertu egin beharko lirateke, eta aldagai baikor guztiak aldi berean eman. Gehitxo eskatzea litzateke hori, Aierdiren arabera.

Inguruneari begiratu besterik ez du Nafarroak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, nabaritu dute moteltzea. Eustatek iragan astean eman zituen datuetan islatu zen, hain zuzen, jarduera ekonomikoaren moteltzea: lehen hiruhilekotik bigarren hiruhilekora %3,1etik 2,8ra geldotu zen hazkundea, eta Eusko Jaurlaritzak espero du tasa horretan mantentzea urte osorako aurreikuspena.

Hala ere, Nafarroako Gobernua baikor dago, eta 2018rako aurreikuspena sei hamarren igo du, %2,7tik %3,4ra. Igoera horren zergatiaz galdetuta, Aierdik onartu du aurreikuspenak beti «zuhurtzia ukitu batekin» egiten dituztela, baina oraingoan, gainditzeko bi faktore eman direla azaldu du: «Batetik, ez genuen pentsatzen, Estatuarekin alderatuta, hain nabarmen gainetik egongo zela jarduera ekonomikoa. Datu onak zeuden, baina ez genuen pentsatzen hain indartsu zegoela. Bestetik, aurreikuspenetan beti daude kontra jokatuko duten arriskuak, baina lehen sei hilabeteetan ez dira plazaratu».

Joera onaren atzean, hainbat arrazoi daude. Nafarroako estatistika erakundeak oraindik ez ditu sektorekako daturik eman, baina datu esanguratsu batzuk aurreratu ditu Aierdik. Adibidez, industria sendo dago eta apiriletik maiatzera produkzioa %6,9 handitu zen. Iazko moldaketa handiaren ostean, Volkswagen sendo ari da lanean, eta autoen ekoizpena %5,9 handitu da. Gainera, zerbitzu sektorearen fakturazioa ere %3,9 hazi zen apirilean eta maiatzean. 2013tik, barne eskaria ari da tiraka ekonomiatik eta ibilgailuen matrikulazioak adierazten du egoera osasuntsua duela: %4,9 handitu da iazko ekainetik hona.

Datu on horiek enpleguan ere izan dute isla. Urtebetean, iazko ekainetik iragan ekainera arteko datuak aintzat hartuta, 14.271 lagunek gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan. Era berean, jarduera tasa «%60tik gertu dago», Aierdiren arabera; hau da, gero eta biztanle gehiago daude lan merkatuan. Gainera, soldata gordinak %4,5 handitu dira, eta krisi aurreko egoeraren gainetik daude, batez beste. Hala ere, inflazioa aintzat hartuz gero, soldatak ez dira hainbeste handitu, eta oraindik ere ez dira 2008ko egoerara ailegatu.

Eurogunea, motelago

Nahiz eta Nafarroaren bilakaera ekonomikoa ona izan, ingurunean kontrako faktoreak indarra hartzen ari dira. Eurostat estatistika erakundeak bigarren hiruhilekoko hazkundearen lehen datuak aurreratu zituen, atzo: Euroaren eremuko ekonomia %0,3 hazi zen, eta Europako Batasunekoa %0,4. Datuok azken bi urteetako apalenak dira, eta joera sendotuko ote den kezka handitu da. Ekainean, Europako Banku Zentralak iragarri zuen estatuen zorra erosteko programa, moteltzen joango dela urte amaieran erabat gelditu arte. Azken datu ekonomikoen ondorioz, presioa areagotu daiteke, erabakia atzeratu dezan. Era berean, Eurostatek aurreratu du ekainean euroaren eremuko langabezia tasa %8,3 izan zela, 2008ko abendutik izandako apalena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna