SEPIk ez die bermatu Navaleko langileei Euskal Herrian geratzea

Sektore publikora itzultzeko eskubidea dutenak Galizian, Andaluzian edo Madrilen kokatuko ditu

Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ustekabe handirik ezean, kalean geratuko dira datorren asteazkenean Navaleko 177 langileak. Horietako 150ek badute Navantia ontziola talde publikora joateko aukera, haren aurrekoa zen Izar enpresa publikoko langileak baitziren 2006an Sestaoko ontziola pribatizatu zutenean. Lana eman emango dietela berretsi zieten atzo 150 langile horiei, baina atzera bota zuten haien beste eskaera: Euskal Herrian geratu ahal izatea, Naval berpiztuko balitz, berehala Sestaon lanean hasteko.

CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin bildu zen atzo SEPI, Espainiako enpresa publikoak biltzen dituen sozietatea. Bileratik «pixka bat hotz» atera zirela onartu zuten UGTko kideek. «SEPIren aldetik malgutasun handiagoa espero genuen, inbertsiogile berria etortzen denean Navalen proiektua sendotu ahal izateko, baina esan du akordioa beteko duela eta ez dela hortik mugituko». Akordio horrek dio garai batean Izarrentzat lan egin zuten langileek badutela eskubidea enpresa publikora itzultzeko; kasu honetan, Navantiara. Arazoa da ontziola publikoak ez duela presentziarik Euskal Herrian, eta hartara itzuli nahi dutenek halabeharrez joan beharko dutela Ferroleko ontziolara (Galizia), Puerto Realekora (Andaluzia, Espainia), edo Madrilgo bulegoetara.

Erantzun horrek zapuztu egin ditu Navaleko langileen itxaropena. Nahi zuten Navantiak formakuntza plan baten barruan sartzea, Euskal Herrian bertan, Navalen geroa argitzen den arte. «Zailagoa baita jendea ekartzea behin beste leku batera joan denean».

Izan ere, datorren asteazkenean erregulazio espedientea indarrean jartzen denean, langilerik gabe geratuko da Naval, eta errazagoa izango zaio balizko inbertsiogile bati eskaintza bat egitea enpresarekin edo instalazioekin geratzeko, ez baitu langileekiko inolako konpromisorik bere gain hartu beharko.

Irailaz geroztik likidazioan dago Naval, haren aurreko jabeek ez zietelako pilatutako zorrei aurre egin nahi. Likidazioaren helburua da Navalen aktiboei ahalik eta etekin handiena ateratzea, horrekin zorrak ordaindu ahal izateko. Hautagai bat baino gehiago agertuz gero, enkante bat egiten da, eta eskaintza interesgarrienak egiten duenak hartuko du Naval. Jarduerari eustea agintzen duenak du enkantea irabazteko aukera gehien, batez ere enplegu asko ziurtatzen baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.