Enviser eta Ceva enpresetako greba deialdiak bertan behera utzi dituzte

Beira biltzaileek lan baldintzak hobetu dituzte, eta Mercedesen, «kalte-ordain duinak» lortu dituzte

jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bi lan gatazka amaitu zituzten atzo: Bizkaian beira jasotzen duen Enviser taldeko langileena eta Mercedes auto ekoizlearen Gasteizko lantegian azpikontratutako CEVA Logistic enpresako beharginena. Aurrenekoan, azaroan hasi zituzten mobilizazioak, eta, horren ondorioz, gainezka egon dira kaleko beira edukiontzi asko. Mercedesen, berriz, gaur ziren hastekoak greba mugagabea kaleratzeak salatzeko. Biak ala biak bertan behera utzi dituzte sindikatuek, zuzendaritzekin akordioak lortu eta gero.

Lan baldintzak hobetu zitzaten eskatzeko zeuden greban Enviserko langileak, eta helburuetako batzuk lortu dituztela azaldu du LABek. Soldatetan, esaterako. Gipuzkoako langileekin parekatzeko eskatzen zuten, eta bi eta hiru urte arteko epean lortuko dute hori. Langileen subrogazioa ere erdietsi dute, eta hobekuntzak lanaldian. Lortutakoak «langile klasearen eta borrokaren garaipena» erakusten duela uste du LABek.

Mercedesen Gasteizko plantan, berriz, CEVA Logistic enpresako 250 langilek lan egiten dute, eta haietako 22 kaleratzeko asmoa agertu zuen enpresak. ELAk azaldu duenez, UGTrekin eta CCOOrekin batera, lortu dute lanpostua utziko duten beharginek «kalte-ordain duinak» jasotzea eta haiek enpresaren beste lantoki batzuetan kokatzea. Akordioa ezartzeko, Mercedesek hiru txandako ekoizpenera itzuli beharko du —bi eta erdira txikituko du orain, ekoizpena furgoneta eskarira egokitu nahi duelako—.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, «langileen konpromisoagatik eta borrokagatik» lortu dute akordioa, eta CEVAko zuzendaritzak prozesu osoan agertu duen jarrera salatu dute. «Kaleratzeen bidez, langileak beldurtu nahi izan dituzte. Alternatibarik ez dagoela esanez langileak urduri jartzen ahalegindu dira, eta erantzuna greba deialdia mahai gainean jartzea izan da. Borrokak ekarri gaitu honaino»,

Ilunionen jarraituko dute

Ilunioneko langileek, berriz, datozen egunetarako mobilizazioei eutsiko diete. ONCE fundazioaren parte da Ilunion, eta elbarritasunen bat duten pertsonak enplegatzen ditu, beste enpresa batzuentzat azpikontratatuta. Sindikatuek salatu dutenez, 49 langile kaleratu nahi dituzte, «egungo egoera aprobetxatuz». Gutxienez datorren astelehenera arte egongo dira greban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.