CAFek 50 milioiko kontratua eskuratu du Indonesian

Jon Fernandez.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Lan zorroa handitzen jarraitzen du Beasaingo tren konpainiak. CAF Power & Automation filialak 50 milioi euroko kontratua sinatu berri du PT INKA konpainiarekin, bere gain hartzeko Jakartan martxan jarriko dituen 31 metrotan instalatuko diren trenbide kontroletako eta trakzioko sistemen hornidura. PT Industri Kereta Api (PT INKA) sektoreko enpresa nagusietako bat da Asia ekialdean, 4.000 langile inguru dituena eta ibilbide luzea daukana.

Iosu Ibarbia enpresako zuzendari nagusiak ez du baztertzen Indonesiako proiektu horri esker euskal enpresak kontratu berriak eskuratzea Asia hego-ekialdean. CAFek hornituko dituen ekipamendu guztiak Indonesiako hiriburuko metropoli eremuan erabiliko dituzte: Jakarta, Bogor, Depok, Bekasi linean.

CAFeko zuzendaritzak nabarmendu duenez, azken kontratuaren bidez CAF Power &Automationek «bere gaitasuna indartuko du Asian, balio handiko merkatuan». Gipuzkoako enpresa handienak dagoeneko trakzio eta energia metaketa sistemak integratuta dauzka China Mainland eta Taiwango trenbide ibilgailuetan.

31 metroetako unitate bakoitzak sei bagoi izango ditu. Guztira, bidaiarientzako 186 bagoi izango dira, eta orduko 80 kilometroko abiada hartuko dute trenek. Gidaririk gabe funtzionatuko dute metroko trenek, modu automatikoan ibiltzeko prestatuta egongo baitira.

CAF P&Ak 270 langiletik gora dauzka Donostiako, Irurako (Gipuzkoa) eta Madrilgo egoitzetan, eta egoitza komertzialak ditu Indian eta AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.