Dirutza hidrogeno berriztagarriaren apustuan

Irune Lasa.
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Energiari lotutako ESEPEari eta haren bitartez banatuko diren Europako diruei buruzko xehetasun gutxi batzuk eman zituen atzo Espainiako Gobernuak, Ministroen Kontseiluak proiektu estrategikoa onartu eta biharamunean. Zenbakiak handiak dira: 16.370 milioi euro mugitu nahi ditu energia berriztagarriei, hidrogeno berdeari eta biltegiratzeari dagokion ESEPEak, neurri transformatzaile eta erraztaile deiturikoetan. Diru horretatik, 6.920 milioi euro izango dira inbertsio publikoak, eta gainerakoa, 9.450 milioi euro, sektore pribatuak jarriko duela uste du gobernuak.

Zenbakietan, hori bai, nabarmentzekoa da hidrogenoak hartu duen pisua. Lerro horretan egingo da inbertsio handiena: 1.555 milioi, eta sektore pribatutik beste 2.800 milioiren inbertsioak aurreikusten ditu proiektuak.

Bultzada handia 2022an

Pedro Sanchez gobernuburuak ere azpimarratu du alor horren garrantzia, eta adierazi du Espainiaren asmoa dela«hidrogenoan erreferentziazko potentzia izatea Europan eta munduan, bai sorkuntzan, bai kontsumoan».

Espainiaren asmoa da 2030. urterako hidrogeno ekoizpenean lau gigawatt lortzea, hots, Europako Batasuneko hidrogeno ekoizpen helburuaren %10. Apustu horren erakusle ESEPE honetako lehen deialdiak dira. 2022. urtean, oraingoz, lau egingo dituzte, 500 milioi eurorekin. Horietatik 400 milioi hidrogeno berriztagarriarekin lotutako bi lerrotan banatuko dira. 250 milioiren laguntzak, ikerketa eta garapena bultzatzeko hidrogenoaren balio katean, osagaien fabrikazio entseguetan, eta hidrogeno bidezko ibilgailuen prototipoetan. Beste 150 milioi joango dira «sorkuntza, fabrikazioa eta haren hurbileko erabileran aitzindari diren proiektu pilotuetara».

Espero izatekoa da diru horren parte handi samar bat iritsiko dela Euskal Herrira, hidrogenoaren korridorearen inguruan dabiltzan proiektu eta enpresetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.