'Brexit'-aren trantsizio epea gehienez 2022ko ekainera artekoa nahi du Mayk

Herrialdeko hauteskunde orokorrak jarri ditu epemugatzat Erresuma Batuko lehen ministroak

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 20
Brexit-aren akordioaren zirriborroa joan den astean ezagutarazi zutenetik, hainbat eztabaida izan dira Erresuma Batuak eta EB Europako Batasunak adosturikoaren inguruan. Neurri horien artean, zalaparta gehien eragin duena trantsizio epea izan da, eta, besteak beste, tarte hori luzatzeko aukera. Londresek eta Bruselak adosturiko testuak, oraingoz, ez du zehaztu luzapen horren iraungitze data, eta litekeena da hutsune hori argitzea Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak asteon Bruselan izango duen bileran, edo igandeko Europar Kontseiluaren bileran. Hitzordu horri begira, bi aldeek beren proposamenen berri eman dute: Michel Barnier EBren negoziatzaileak mahai gainean jarri du tarte hori 2022ko abendura arte luzatzeko aukera —bi urte gehiago—, eta Mayk, berriz, Erresuma Batuko hurrengo boz orokorrak jarri ditu epemugatzat, 2022ko ekainera arte gehienez.

Trantsizio epea datorren urteko martxoaren 30ean abiatuko da, eta 21 hilabete iraungo du, 2020ko abendura arte. Tarte horretan, Londresek eta Bruselak etorkizunean izango duten harremana negoziatuko dute, eta Erresuma Batuak estatu kide izaten jarraituko du, baina erakundeetan ahotsik izan gabe; epe hori motz geratuko balitz, trantsizioa luzatzeko aukera dute, baina erabakia aldebikoa izan beharko da.

Mayk atzo eman zuen bere jarreraren berri, Erresuma Batuko patronalaren aurrean: «Uste dut garrantzitsua dela britainiar herriak argi izan dezala trantsizio epetik at izango garela datozen hauteskunde orokorren aurretik». 2017ko ekainean izan ziren azken bozak; beraz, lehen ministroak horiek aurreratzeko erabakirik hartu ezean, hurrengoak 2022ko ekainean izango dira beranduenez. Egun berean, Greg Clark Industria ministroak ere epea luzatzearen alde egin zuen: «Nahiago dut hori, backstop-a erabili baino [Irlandako muga gogorra saihesteko neurria]».

Zentsura mozioa

Mayren alderdikide euroeszeptikoak, bestalde, hura kargutik botatzeko ahaleginetan murgilduta daude, eta helburutzat jarri dute haren aurkako konfiantza mozio bat aurkeztea.

Prozedura hori abiatzeko, gutxienez 48 diputatu tory-ren babesa behar dute, eta, The Sun egunkariak herenegun jakinarazitakoaren arabera, seiren babesa falta zitzaien egun horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna