Lanaren errentek bi puntu galdu dituzte EAEko BPGaren banaketan

«Gutxiengo baten irabaziak handitu dira, langile klasearen kaltetan», ELAk salatu duenez

Iker Aranburu -

2018ko abenduak 7
Euskal Herriko ekonomiak krisi aurreko maila gainditua du jada, baina sortutako aberastasunean aldaketa nabarmen bat badago: langileek duten zatia txikiagoa da orain, eta handiagoa, berriz, kapitalarena. «Gutxiengo baten irabaziak handitu dira, langile klasearen kaltetan», Mikel Noval ELAko azterketen arduradunak azaldu zuenez, atzo, Bilbon.

2009 eta 2017 konparatu ditu ELAk bere azterketan. Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruz argiraturiko datuak baliatu ditu horretarako. Aldea, BPGaren ia bi punturena da. 2009an, krisiak urtebete egin zuen garaian, lanaren errentek hiru lurralde horietako ekonomian zuen pisua %50,29 zen. Beste era batera esanda, aberastasunaren erdia soldatetan banatzen zen. 2017koa da azken datua, eta lan errenten zatia %48,39ra jaitsi da. Kopuru osoetan, 32.757 milioi euro banatu ziren soldatetan 2009an, eta 34.986 milioi iaz.

Kontua da soldatak %6,8 hazi direla, baina tarte horretan ekonomia osoa %13,3 handitu dela, betiere Eustaten arabera. Hau da, ELAren kalkuluen arabera, lanaren errentek beren pisuari eutsi izan baliote, 2.000 milioi gehiago banatu ahal izango ziratekeen langileen artean.

Lan errentek galdutakoa lortu dute kapitalaren errentek. Ustiapeneko soberakin garbia eta kapital finkoaren kontsumoaren baturak BPGaren %40,48 ziren 2009an, eta %42,21era igo dira 2017an. Soldaten oso gainetik igo dira: %18,2, alegia. Horrenbestez, hamar punturen aldea zena bost punturena baizik ez da orain.

«Joera hori ez da azkenengo krisian bakarrik gertatu den fenomenoa, kapitalismoaren dinamika propioa da; baina, hala ere, egia da krisiarekin nabarmendu egin dela. 1985. urtetik soldatapeko ordainsarien pisua murriztuz joan da urtez urte. Urte horretan, lan errenten pisua barne produktu gordinaren %55,5 izan zen, 2017an baino dezente handiagoa», Novalek gogorarazi zuenez. 1980ko hamarkadaren erdialdean kokatu du ELAk joeraren aldaketa, «fase keynestarra bukatu eta fase neoliberala hasi zenean». Ordura arte, goranzko joera zuten soldatek aberastasunaren banaketan.

Nolvalen arabera, Eustaten datuek erakusten dute errentaren banaketa «injustuagoa» ari dela gertatzen, eta desberdintasunak areagotzen ari dela. «Dinamika kapitalista fase metakorrean egotea» da arrazoietako bat, baina bestea politika publikoak direla ziurtatu zuen Novalek. Hau da, «aurrekontuak, zerga politika, lan erreformak eta negoziazio kolektiboa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna