AEBak eta Txina merkataritza gerra amaitzeko akordiora hurbildu dira

Trumpek alde batera utzi du datorren ostiralean muga zergak %10etik %25era igotzeko asmoa

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Egun seinalatua behar zuena beste ostiral arrunt bat bilakatzekotan da. Martxoaren 1a da egun hori, aste honetako ostirala, Donald Trumpek aukeratutako eguna Txinaren aurkako merkataritza gerra gogortzeko. Akordiorik ezean, egun horretan %10etik %25era igo nahi zituen Txinako 200.000 milioi dolarren inportazioek AEBetan saltzeko pagatzen dituzten muga zergak. Baina, akordioa gertu dagoela iritzita, Trumpek iragarri du egun horretan ez dituela tarifak igoko.

Finantza merkatuek ongi hartu dute AEBetako presidenteak igande gauean egindako iragarpena, muga zerga handitzeak beste fase gogorrago batean sartuko zuelako merkataritza gerra. Munduko ekonomiaren hazkundearen moteltzearen faktore gisa aipatzen dituzten arren, orain arte eragin mugatua izan dute Txinak eta AEBk elkarri jarritako tarifek, ez baitute sakoneko etenik eragin bi herrialdeen arteko merkataritza harremanetan. Baina %25eko muga zerga batek alde bateko zein besteko inportatzaileen erabakiak sakon aldaraz ditzake, eta erosketa asko bertan behera utzi.

Merkataritza gerra gogortzeak bi aldeentzako ondorio kaltegarri asko izan ditzakeenez, Pekinek eta Washingtonek denbora gehiago eman diote beren buruari akordio bat lortzeko. Joan den astean egin zuten negoziazioen laugarren saioa, eta asteburura arte egon ziren bilduta. «Aurrerapauso oso esanguratsuak» izan zituzten bilera horiek, Trumpek esan zuenez, baina ez zuen gehiago aurreratu edukiari buruz. Hori bai, adostasuna oso urrun ez dagoela interpreta daiteke, esan baitzuen prest zegoela Xi Jinping Txinako presidentea Floridako bere oporlekura gonbidatzeko, akordioa ixteko. «Dena ongi badoa, oso berri onak izango ditugu datorren astean edo hurrengoan».

Sakona ala azalekoa?

Ikusteko dago, ordea, adostutakoa aldaketa sakona ote den, ala Trump goxatzeko Pekinek egindako keinu sorta den. Edo, beste modu batera esanda, Txinak amore emango duen AEBek —eta Europako Batasunak— leporatzen dizkien merkataritza librearen aurkako politiketan —esportatzaileak diruz laguntzea, babes intelektuala lapurtzea, espioitza industriala...—, ala Trump moldatuko ote den Txinak AEBetako produktu gehiago erosteko promesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.