Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Europan

Europako Batzordeak uko egin dio epaiaz hitz egiteari

Alemaniako eta Frantziako gobernuek babes osoa adierazi diote Espainiako Estatuari. Berdeak-EAL eta Ezker Unitarioa buruzagi katalanen alde agertu dira

Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak uko egin dio Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiaren inguruan hitz egiteari. Europako Batzordeko bozeramaile Mina Andreevak nabarmendu du Kataluniako egoera Espainiako ordena konstituzionalaren pean konpondu beharra dagoela, eta Europako Batzordeak ez dituela egiten estatuetako auzitegien epaien inguruko adierazpenak. Halere, azpimarratu du manifestatzeko eta iritziak adierazteko askatasuna Europa osoan «bermatuta» dagoela.

Frantziako Gobernuak ere bide beretik jo du, Kataluniako aferan orain arte egin bezala. Atzerri Ministeriotik adierazi dute «konfiantza osoa» dutela Espainiako agintariengan: «Frantziak konfiantza osoa du Espainiako agintariek Katalunian ageri diren tentsioei aurre egiteko duten ahalmenean, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren errespetuaren barruan». Horrez gain, Frantziak «Espainiako lurralde batasuna eta batasun konstituzionala» babesten dituela gehitu du.

Alemaniak pauso bat gehiago eman du. «Behin eta berriz adierazi dugu Kataluniako gatazka legearen eta Espainiako Konstituzioaren barruan eman behar dela. Hori da gaur Auzitegi Gorenaren epaiarekin gertatu dena», azaldu du gobernuko bozeramaile Steffen Seibertek.

Izan dira, ordea, epaia kritikatu duten eragileak ere, tartean Europako Parlamentuko Berdeak-EAL taldea. Komunikatu baten bidez, Espainiako Gobernuari eskatu dio lehenbailehen lanean hasteko presoak askatzeko bidean. Berdeen ustez, epaia «neurriz kanpokoa» da, eta «Kataluniako krisi politikoa areagotzeko» besterik ez du balio. Taldeko bozeramaile Ska Kellerrek adierazi du negoziazioak eta politika gailendu beharko liratekeela, eta Espainiako eta Kataluniako agintariei eskatu die elkarrizketak abiatzeko, «akordio berriak eratzeko». Talde parlamentario bereko kide EAL Europako Aliantza Libreak —estaturik gabeko herri eta nazioetako alderdiak batzen ditu, tartean ERC— are gogorrago kritikatu du epaia, eta amnistia eskatu du presoentzat. «Oinarrizko eskubide demokratikoa den autodeterminazio eskubidea kriminalizatzeak Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman zailak are gehiago okertzeko balioko du». Aliantzak dei egin die Europako instituzioei eta nazioarteari, elkarrizketa prozesu bat babesteko. Mezuan nabarmendu dute Kataluniako gizartearen gehiengoa independentzia erreferendum baten aldekoa dela, eta Espainiako Gobernuak eta nazioarteak ezin duela ezikusiarena egiten segitu.

Europako ParlamentukoGUE-NGL Europako Ezker Unitarioa-Iparraldeko Ezker Berdea talde konfederaleko buru Martin Schirdewanek ere adierazi du «demokrazia eta elkarrizketa» direla Katalunian konponbide bat lortzeko bete beharreko bideak. «Oinarrizko eskubide demokratiko eta zibilak arriskuanjartzen dituen» egoera bat dela ere nabarmendu du Schirdewanek.

«Beldurgarria»

Eskoziatik, Nicola Sturgeon lehen ministroak salatu du «kataluniarrek euren etorkizuna baketsuki erabakitzea baimentzeagatik» espetxeratu dituztela zigortuak: «Halako emaitza beldurgarri batera zuzentzen den edozein sistema politikok berehalako aldaketa bat behar du». Greziako Ekonomia ministro ohi Gianis Varufakisek ere gogor kritikatu du epaia. Adierazi du Kataluniaren independentzia bertako herritarrek erabaki behar dutela, eta «herritarren mandatua bete duten politikariak espetxe zigor luzeetara kondenatzearen aurka» altxatu beharra defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.