Nafarroak «aukera handiak» ditu autoen bateria planta bat hartzeko

Txibitek uste du Txinako talde batek Nafarroa aukeratuko duela bere fabrika handia zabaltzeko

xabier martin
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Denborak esango du Maria Txibite Nafarroako presidentea azkarregi aritu den ala ez, baina atzo esan zuen «aukera handiak» daudela Txinako talde batek Nafarroan ibilgailu elektrikoentzako baterien fabrika bat zabaltzeko. Enpresari talde horrek lurraldeko hainbat enpresa ezagutu zituen, besteak beste, Volkswagen, Txibiterekin eta Reyes Maroto Espainiako Industria ministroarekin.

Txinako enpresari talde hori Euskal Herrian dabil asteon; sektoreko Bizkaiko enpresa handiak ere ezagutu ditu jadanik. Espainiako Gobernuaren bidez iritsi da taldea Bizkaira eta Nafarroara, baina Galiziara ere joan da, Vigo hirira. Europan auto elektrikoen bateriak ekoizteko planta bat irekitzeko leku aproposaren bila ari dira.

Txinako inbertitzaileen bira enkante moduko bat bihurtu da azken asteetan, eta enkante horren barruan kokatu behar da Txibiteren mezua. Haren ustez,Nafarroa faboritoa da fabrika berria hartzeko, baina lehiakideak ez ditu falta. Hasteko, ikusteko dago Iberiar penintsula aukeratuko ote duten, Hungaria, Polonia, Errumania eta Alemania ere inbertsio handi hori hartzeko hautagai baitira. Europako hegoaldea hautatuko balute, Nafarroak Vigorekin eta Espainiako beste bi kokapenekin lehiatu beharko luke: Extremadurarekin eta Leonekin, lurralde horietako hainbat hedabidek zabaldu dutenez.

Enkante baten modukoa

Txinako enpresariek autogintzako sektore industriala sendo dagoen leku batean zabaldu nahi dute beren enpresa, azpiegitura onekin (errepideak, portuak...) eta puntako teknologiarekin. Alde horretatik, Nafarroaren erakargarritasuna begien bistakoa da: Volkswagen Iruñean dago, Gasteizko Mercedes oso gertu, baita Bilboko portua ere, eta autogintzako bi erraldoi horien inguruan industria hornitzaile lider bat dago, gainera: CIE, Gestamp, Fagor Ederlan... Faktore horiek, noski, berdin-berdin balio dute Bizkaiaren alde egiteko. Argi dago lan kostuak ere ariketan sartzen diren aldagaiak direla, eta esparru horretan nekez lehia daiteke Nafarroa Europako ekialdeko herrialdeekin eta Espainiarekin. Aurreikus daiteke, ordea, aldagai guztien oreka batek irabaz dezakeela, eta tokian tokiko gobernuen eskaintzak, lurrari eta beste hainbat atalei begira ere, garrantzitsuak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.