Euskara

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon azaroaren 12rako eta 13rako, 'Euskararen herria euskal hiztun' lelopean

Miren Dobaran eta Paul Bilbao, atzo, aurkezpenean. IREKIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta etorkizuneko gakoen inguruan hausnartzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 12rako eta 13rako, Bilboko Bizkaia aretoan, Euskararen herria euskal hiztun izenpean. Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiak, eta hizkuntzaren normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuten, transmisioaren eta hezkuntzaren eremuak oinarri hartuta, besteak beste.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea agerraldian izan zen, eta adierazi zuen euskal gizartea «hizkuntzaren biziberritze prozesu etengabe batean» murgilduta dagoela. «Gizarte mugimenduek eta azken hiru hamarkadetako datuek erakusten dute euskararen egoera onbidean jartzeko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin direla, eta emaitza baikor eta esanguratsuak lortzen ari garela». Hitz horiek oinarri hartuta, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak jardunaldien garrantzia nabarmendu zuen, baina aitortu zuen egungo testuinguruak «albo kalteak» ere sortu dituela, eta «epe laburrera» eragina izango duela euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan.

Gai horren inguruan hausnartzeko, adituen, instituzioen eta eragileen ahotsa entzun nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, 11 saio izango dituen egitarau bat antolatu dute. «Transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzioetan eta eragileetan lanean diharduten zenbait eragileren gogoetak entzuteko eta partekatzeko aukera izango dugu, mahai inguru, elkarrizketa eta hitzaldi formatuetan», esan zuen Bilbaok. Egitaraua Kontseiluaren webgunean dago ikusgai. Gainera, jardunaldiak doakoak izango dira, eta izen ematea irekita dago jadanik.

Lankidetzaren beharra

Jaurlaritzak eta Kontseiluak lankidetzan antolatutakoak izango dira, eta antolatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie. «Bakoitzak bere bidea jorratu du ezagutzaren unibertsalizazioaren esparruan, baina biok ikusi dugu gisa honetako foro bat antolatzeko beharra eta interesa», azaldu zuen Bilbaok. Dobaranentzat, halako gaietan «inportantea» da erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko lankidetza egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.