Frantziako Gobernuak ez ditu 2019an pentsioak eguneratuko

Langileek eta batez ere enpresek zerga txikiagoak ordainduko dituzte datorren urtean

Iker Aranburu.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Pentsiodunen eta langileen artean hautaketa garbi bat egiten ari da Frantziako Gobernua. Lan bizitza aktiboan daudenek erosteko ahalmena handitzea lehentasuna da Emmanuel Macronentzat, eta horren zati bat erretiratuen eta beste pentsiodunen bizkar gainean utzi du presidenteak. 2019. urteko aurrekontu proiektuak berriro agerian utzi du politika hori: lanean ari direnek zerga eta kotizazio gutxiago ordainduko dituzte, baina pentsioek ez dute emendatzerik izango urtarrilaren 1ean.

Atzo aurkeztu zuten 2019ko aurrekontu proiektua Bruno Le Maire Finantza ministroak eta Gerald Darmanin Kontu Publikoetakoak. Europako Batzordean ere zeresan handia eman dezakeen aurrekontu bat izango da, iragarritako defizit publikoa %2,8ra iritsiko baita, Bruselak gehienezko mugatzat jarri duen %3tik oso gertu berriro ere eta, okerrago dena, aurretik iragarritako %2,3tik oso urrun. Arrazoietako bat hazkundearen moteltzea da: iaz %2,2 hazi ondoren, aurten eta 2019an hazkundea %1,7 eskas batean geratuko dela kalkulatu du Parisek. Eta hazkunde txikiagoarekin estatuaren kutxetan diru gutxiago sartuko da.

Frantziako Gobernuak azaldu duenez, familientzat 6.000 milioi euro txikituko dira zergak datorren urtean. Zatirik handiena(-4.800 milioi euro) gizarte segurantzaren kotizazioen jaitsiera izango da. Berez, datorren astelehenean jarriko da indarrean, eta batez beste soldatak ia %1 handitzea ekarriko die Ipar Euskal Herriko eta Frantziako biztanleei.

Beste neurri nagusia da familien %80k ez ordaintzea etxebizitza zerga (-3.800 milioi); neurri hori azaroaren 1ean ezarriko da.

Baina dena ez da irabazia izango herritarrentzat: tabakoaren eta erregaiaren gaineko zergak emendatu egingo dira urtarrilaren 1ean.

Etxebizitza zergaz salbuetsiko dituzte pentsiodun gehienak ere, baina haietako askori ez die askorik konpentsatuko, CSG zerga 1,7 puntu handiagoa ordaintzen ari direlako urtarrilaren 1ean. Ā«Pentsiodunak kakazteariĀ» utzi behar ziotela esanez harrapatu zuten joan den astean Macron, eta jada iritsi da lehen neurria: 300.000 erretiratuk salbuetsiko ditu CSG zergaren igoeraz.

Edonola ere, Macronen politikaren irabazle nagusiak enpresak dira: aurten baino 18.800 milioi gutxiago ordainduko dituzte zergetan, sozietate zerga eta gizarte kotizazioak jaitsiko dizkietelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.