Frantziak utzi egin du erregaiaren zerga 2019an emendatzeko asmoa

Edouard Philippe lehen ministroak ohartarazi du irtenbidea «eztabaidatik» atera beharko dutela

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 6
Herritarren haserrea baretu nahian, beste erabaki bat hartu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: erregaiaren zerga 2019an igotzeko asmoa utzi du. Jaka Horien mugimendua sortzeko arrazoia izan zen zerga igoera hori, baina, hiru asteren ostean, aldarrikapenen zerrenda luzatu egin da, eta atzoko erabakia, beraz, ez da «nahikoa» izan Jaka Horientzat zein oposizioko alderdientzat. Hiru asteko epean, mugimenduak lortu du alderdiek eta sindikatuek urte eta erdian lortu ez dutena: Frantziako presidenteak amore ematea. Jaka Horiek, ordea, oraindik asko dute esateko.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak herenegun jakinarazi zuen sei hilabetez atzeratuko zutela erregaiaren zergaren igoera. Bada, asmo horrek ez zituen protestak baretu, eta sindikatuak eta ikasleak pixkanaka mugimendura batzen hasi dira asteon. Egoera horren aurrean, atzo gaualdean ministroen kontseilua izan zuen Macronek, eta han hartu zuen erabakia.

Une horretan, bost ordu ziren Frantziako Asanblean Jaka Horiek sorturiko krisi politikoaz eztabaidatzen ari zirela. Oposizioko diputatuek saio hori baliatu zuten mugimenduaren errebindikazio batzuk ganberara eramateko, eta eztabaida nabarmen berotu zen; Macronen talde parlamentarioan zatiketa sumatu zen, baita autokritika ere.

Egoerak bere horretan jarraituko zuela zirudienean, eztabaidaren amaieran iritsi zen jakinarazpena Frantziako lehen ministroaren ahotik, ohartarazpen batekin: «Irtenbidea eztabaidatik atera beharko dugu». Kasu horretan ere, albistea ez zen Frantziako presidentearen ahotik etorri; izan ere, haren irudia zaintzeko helburuarekin, Macronek ez du hitzik esan auziaz. Horregatik, gobernuaren eledun Benjamin Griveauxen bitartez, «lasaitasunerako deia» zabaltzeko eskatu zien eragile politikoei eta sozialei.

Larunbateko hitzordua

Etziko manifestazioak, protesta sortako laugarrenak, bere horretan jarraitzen du: «IV. Ekintza, Alde Egin Macron!». Ikasleez gain, Sud Rail sindikatua, baserritarrak eta funtzionarioak batu zaizkie Jaka Horiei, baita kamioi gidariak ere; horiek igandean egingo dute protesta.

Hitzordu horien arrakastak, beraz, islatuko du Macronen erabakiek arrakastarik izan ote duten ala Jaka Horiek kalean borrokan jarraituko duten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna