Merce Barcelo. Konstituzio zuzenbidean katedraduna

«Sedizio delitua zehaztu behar da, eta zigorrak apaldu»

Barceloren esanetan, sedizio delituak gehiegizko zigorrak jasotzen ditu Espainiako Zigor Kodean. Estatuaren kontrako delituen parekoak dira, nahiz eta 1995ean ordena publikoaren kontrako delitu bihurtu zen.

GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bilbo
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako auziko epaia aletzera etorri da Merce Barcelo (Bartzelona, 1962) Euskal Herrira. Astelehenean, Prozesua eta Zuzenbidea. Auzitegi Gorenaren 459/2019 epaiari buruzko hausnarketa bat izeneko mahai inguruan parte hartu zuen, Bilbon. EHUko Ikasmirak ikerketa taldeak gonbidatu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea. BERRIAri tarte bat egin zion hurrengo egunean.

Epaiketako gertaera frogatuak bat al datoz sedizio delituagatik ezarritako zigorrekin?

Inolaz ere ez. Sedizioaren tipo penalak hainbat elementu biltzen ditu: altxamendua, indarkeria eta autoritate publikoek beren helburuak betetzeko eragozpena. Elementu horietako bat bera ere ez dago frogatutako gertaeren artean. Ez dago altxamendurik, ez da zehazten zein egunetan izan zen altxamendu bat. Ez dago indarkeriarik, eta sententziak indarkeria mota berri bat asmatzen du. Azkenik, autoritate publikoari ez zitzaion ezer ere eragotzi.

Indarkeria 2017ko irailaren 20ko eta urriaren 1eko gertaerekin lotu dute akusazioek.

Epaiak ez dio altxamendua irailaren 20an eta urriaren 1ean gertatu zenik. Irakurleak ondorioztatu behar du hori. Irailaren 20an ez zen ezer ere eragotzi. Justizia administrazioko letratuak egin beharreko erregistroak egin zituen Ekonomia kontseilaritzan, berak idatzitako aktan jaso zuenez. Urriaren 1ean ere ez zen ezer ere eragotzi. Erreferenduma baliogabetuta zegoen, eta jendeak protesta egin zuen, bozkatu nahi zuela adierazteko. Ez zen Poliziaren jarduna eragotzi, eta hala egiteak ere ez zuen erreferenduma legezko bihurtuko.

Altxamendurik izan ez bazen, zer gertatu zen egun horietan?

Bi egun horietan herritarrek biltzeko eskubidea erabili zuten zilegitasun osoz.

Sedizio delituaren aplikazio horrek hainbat oinarrizko eskubideren mugak aldatzen dituela nabarmendu duzu.

Berriro definitzen ditu muga horiek. Auzitegi Konstituzionalak dioenez, ezinezkoa da oinarrizko eskubide bat erabiltzea eta aldi berean delitua egitea. Beraz, epailea behartuta dago, lehenik eta behin, oinarrizko eskubide baten ariketarik baden argitzera. Ez du eskubidearen mugetatik hasi behar, eskubidearen edukitik baizik. Bilkura eskubideak baldintza bakar bat bete behar du: baketsua izatea, armarik gabea. Irailaren 20ko eta urriaren 1eko manifestazioak baketsuak eta armarik gabeak izan ziren. Indarkeria gertaera bakarrak Poliziarenak izan ziren. Puntualki, herritarren batek indarkeria erabili zuela frogatuz gero, ardura herritar horrena izango da, eta ez beste inorena.

Gorenaren epaiak atal oso bat eskaini dio autodeterminazio eskubideari, Kataluniak eskubide hori gauzatzeko zilegitasunik ez duela ziurtatzeko.

Auzitegia ez dagokion eremu batean sartu da. Argi gelditu da sententzia erabat ideologikoa dela. Ez zuten aztertu behar autodeterminazio eskubideari buruzko ezer. Ez du zerikusirik sedizio delitua egon den ala ez aztertzeko. Gustatuko litzaidake oinarrizko eskubideei horrenbeste orrialde eskaintzea: bilkura eskubideari hiru orrialde eskas eskaini dizkiote, eta, [Carme] Forcadellek karguan jarraitzeko duen eskubideari, berriz, orrialde bat bera ere ez—esku hartzeetatik salbu—.

Espainiako Estatua salbuespena al da Europan, sedizio eta matxinada delituen tipifikazioari dagokionez?

Bai. Europan ez dira existitzen. Sedizio delitua definituta zegoen Espainian 1995eko Zigor Kodearen aurretik ere. 1995ean, baina, Konstituzioaren, oinarrizko eskubideen eta estatuaren kontrako delitu izateari utzi zion, eta ordena publikoaren kontrako delitu bilakatu zen. Zigorrak ez ziren aldatu, ordea. Sedizioa «matxinada txikia» izenez ezagutzen zen, eta delitu larri horren zigor berak zehaztu ziren ordena publikoaren kontrako delitu batentzat. Europan ez da halakorik. Badaude delituak autoritate publikoaren kontrako ekintzak jasotzen dituztenak, noski, baina ez dituzte horren zigor gogorrak.

Zergatik uste duzu zigor handiagoak daudela Espainian?

Carlos Lesmes [Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak] urte judizialari hasiera emateko ekitaldian esan zuen epaileak Espainiaren batasuna defendatzeko daudela. Epaileak horretarako badaude, eta ez oinarrizko eskubideak defendatzeko, ez da harritzekoa sedizio delituaren gisakoak indarrean egotea, dituen zigor gogorrekin. Kultura demokratiko falta da. Jendeak protesta egiten du eta protesta egin dezake estatu demokratiko batean. Gainera, aurpegi txarrarekin egiten du protesta, haserre, oihuka... Hori guztia manifestazio eskubidea da. Beste batzuetan, manifestariek erresistentzia egiten diote Poliziari edo errepideak mozten dituzte. Hori ere manifestazio eskubidea da. Ez dut nik esaten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak esan du. Auzitegi Konstituzionalak ere bai.

Pedro Sanchezen gobernuak iragarri du Zigor Kodea moldatzeko proposamen bat aurkeztuko duela. Zer espero duzu erreforma horretatik?

Sedizio delitua berriro definitzea. Delitua bera zehaztu behar da, eta zigorrak apaldu. Auzitegi Gorenak delituaren zehaztasun falta baliatu du esateko indarkeria ez dela beharrezkoa altxamendu baterako. Delitua argitzea beharrezkoa da bide hori ixteko, eta [Manuel] Marchena epaileak erabili zuen «giroko indarkeria» terminoaren gisakoak baztertzeko.

Zenbateko zigorrak izaten dira ordena publikoaren kontrakoak Europako herrialdeetan?

Gehienez ere, hiru urtera artekoak izaten dira.

Zigorrak neurri horretaraino apalduko balira, noiz irtengo lirateke egun espetxean dauden buruzagi independentistak?

Berehala. Atzerako eragina duen neurria izango litzateke eta.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasi buruz ebatzi duena nola ezarri beharko luke Auzitegi Gorenak?

Zuzenean, Gorenarentzako erabaki loteslea baita. Luxenburgoko auzitegiari galdera egiten badiozu, erantzuna onartu behar duzu. Bestela, ez galdetu. Junquerasek aske gelditu beharko luke, eta Gorenak suplikatorioa eskatu beharko lioke Europako Parlamentuari, haren immunitatea eten nahi izanez gero. Berdin Clara Ponsati, Toni Comin eta Carles Puigdemonten kasuan ere.

Espainiak Junqueras aske uzten ez badu, zer gerta daiteke?

Dauden mekanismoak oso motelak dira. Lehenengo Auzitegi Gorenean jarri beharra dago helegitea; ondoren, Auzitegi Konstituzionalean, eta, azkenik, Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Ez daude askoz aukera gehiago. Espainia lotsagarri geldituko litzateke, baina ez dirudi horrek askorik ardura dienik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.