Baionako autobus gidari batek garun heriotza du, jipoi bat eman diotela eta

Igande arratsaldean gertatu zen erasoa. Chronoplus autobus sareko sindikatuek «segurtasun falta» salatu dute, eta lanuztera deitu

Baionako hirigunean ibiltzen dira Chronoplus autobusak. GUIILAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Chronoplus sareko autobusak geldirik egon ziren atzo egun osoan, igande arratsaldean autobus gidari batek pairatu zuen erasoaren ondotik. Orain arte zabaldutako informazioen arabera, gidariari kolpeka eraso zioten ezezagun batzuek. 58 urteko gizonezkoa larri eraman zuten osagarri zerbitzuek, eta, atzo zabaldutako informazioaren arabera, garun heriotza du. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak «basakeria» ekintza gaitzetsi du. Sindikatuek, lanetik erretiratzeko eskubidea erabilita, lanuztera deitu zuten atzo; gaur ere ez dira lanera itzuliko.

Gertatutakoari buruzko informazio ezberdinak zabaldu ziren atzo egun osoan. Sindikatuek azaldu dutenez, autobusera sartu nahi zuen gazte talde batekin iskanbila eduki zuen gidariak, eta, ibilgailura itzultzen ari zela, gibeletik kolpeka hasi zitzaizkion,bortizki. Baionako komisariak hartu du bere gain ikerketa, autobus gidariaren ustezko erasotzaileak aurkitzeko. Hedabide batzuek atzo zabaldu zutenaren arabera, 34 urteko gizon bat eta beste hiruzpalau pertsona ere atxilo hartu dituzte.

Atzo goizean, Chronoplus autobus sareko biltegira joan ziren Etxegarai eta Claude Olive, Euskal Elkargoko garraio politikarako lehendakariordea, langileekin biltzera. «Biziki haserre gaude», adierazi du Laurent Weber Chronoplus enpresako CGT sindikatuko ordezkariak. «Badu hilabete batzuk zuzendaritzari erraten diogula segurtasun falta handia dugula, eta segurtasun gehiago behar dugula». Baina, haren hitzetan, orain arte entzungor egin diete. «Gure lankide bati eraso behar izan diote erreakzionatzera iristeko. Baina haren egoera ikusita, gure lankidea ez dugu berriz lehen bezala ikusiko».

Weberren hitzetan, azkenaldian autobusetako gidarienganako presioa emendatu da. «Ez dakit zer gertatzen den. Izan gazteak ala adinekoak, gureganako erasokortasuna emendatzen ari da», deitoratu du. Trambusetan egoera are okerragoa dela dio, bidaiariak gibeleko atetik sartzen direlako. Halaber, koronabirusak sortutako krisiak ere egoera larritu duela dio.«Egoera berezia da; autobusera igo ahal izateko, maskara ematea baitezpadakoa da. Denek ez dute onartzen, eta tentsioak sor ditzake».

Langile guzien izenean, segurtasun gehiago eskatu du: ikuskatze eta kontrol gehiago, eta funtzionatzen duen irrati bat ukaitea. «Gaur egun, eremu anitzetan gure irratiak ez du funtzionatzen. Orduan, erabat bakarrik gaude».

Protesta Euskotrenen

Baionako autobus gidariarena ez da azken egunetan Euskal Herrian gertatu den eraso bakarra. Joan den astean, Euskotreneko langile bati egin zioten eraso bere jardunean. Atzo goizean, protesta egin zuen Euskotreneko Batzorde Iraunkorrak Bilboko Zazpi kaleetako tren geltokian, Langileak gara, eraso gehiagorik ez lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.