Zakaria Odeh. CCPRJ GKEko zuzendaria

«Jerusalemen gertatzen ari denaren indarkeria maila oso altua da»

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Jerusalem ekialdean bizi diren palestinarren giza eskubideen alde lanean jarduten du CCPRJ Jerusalemgo Palestinarren Eskubideen aldeko Koalizio Zibila erakundeak. Haren zuzendaria da Zakaria Odeh.

Marra gorri bat gainditu du Israelek Al-Aqsa meskitaren barruan zeudenen aurka eginda?

Israelek ondo daki zer esan nahi duen Al-Aqsan sartzeak. Musulmanentzat, leku sakratua da, eta ramadanaren garaian esanahi berezia hartzen du. Israel egiten ari dena Aste Santuan kristauei elizara joatea galaraztea bezalakoa da.

Hauteskundeak atzera botatzeak eragindako frustrazioa ere badago protesten atzean?

Palestinarrak gogotsu zeuden bozetarako, 25 urte baitira azkenekoz hauteskundeak egin zirenetik, baina Palestinako Aginte Nazionalak atzera botatzea erabaki du, ez baitago bermatuta Jerusalem ekialdeko palestinarren parte hartzea. Horrek haserrea eragin du palestinar askoren artean.

Bigarren Intifadan izandako egoeraren parekoa bihur daiteke egungoa?

Oraingo norabidean jarraitzen badu, antzeko zerbait izan daiteke. Jerusalemen gertatzen ari denaren indarkeria maila oso altua da. Adierazgarria da, bestalde, istiluetan parte hartzen ari direnen %95 inguru 20 eta 25 urte artekoak direla. Belaunaldi berriak dira, polizia indarkeria beren larruan bizitzen ari direnak, eta euren burua aurreko belaunaldien egoera antzekoan ikusten dutenak. Horrek eragiten duen haserreak gainezka egin dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.