Administrazioek klausula sozialak legez exijitzea nahi du EH Bilduk

Administrazioarentzat aritzen diren enpresek gutxienez 1.200 euroko soldatak pagatzea nahi du

xabier martin
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du administrazioak kontratatzen dituen enpresek gutxienez 1.200 euroko soldatak ordain diezazkieten beren langileei. Enpresa kontratatuak hainbat klausula sozial betetzeko derrigortasuna proposatzen du Eusko Legebiltzarrak jaso duen idatziak. Eusko Jaurlaritzari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei, hiru lurralde horietako udalei, EAEko enpresa publikoei eta ekarpen publikoa duten pribatuei ere eragingo lieke lege berria onartzeak.

Baldintza minimo batzuk ezartzea da helburua, administrazioak kontratatzen dituen enpresek errespeta ditzaten ematen dituzten zerbitzuetan eta eraikitzen dituzten herri lanetan. Joan den ostiralean erregistraturik utzi ondoren, atzo azaldu zuen Larraitz Ugarte legebiltzarkideak klausula sozialen lege proposamena. Atal publikoa kontratatzaile nagusia dela gogoratu zuen, zuzenean edo zeharka (azpikontratak), eta bi bide horietan desoreka handiak sortzen direla esan zuen. Azpikontratatuak lan baldintza okerragoak jasan behar izaten dituzte, alegia. Administrazio publikoa «bi abiaduratan ez joatea» da lege proposamenaren xedea, eta administrazio publikoek «beste alde batera begiratzeari uztea» diru publikoz finantzatzen diren herri lanetan. Sektore bakoitzean indarrean egon den azken lan hitzarmena aplikatzea jasotzen du EH Bilduren idatziak.

Euskara eta berdintasuna

Era berean, genero berdintasunean eta hizkuntza eskubidean urratsak egiten ditu klausula sozialen lege proposamenak. EAEko bi hizkuntza ofizialetan erantzun ahal izateko baldintza bete beharko lukete kontratatutako enpresek, adibidez. Eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko beste baldintza batzuk bete, adibidez «nahitaez berdintasun plan bat egitea eta aplikatzea».

Horrez gain, administrazioak kontratatzen duen enpresa erantzule izango litzateke, hark azpikontratatutako beste batzuek ez balituzte errespetatuko klausulek jasotakoa. Zigorrak ere proposatzen ditu EH Bilduren idatziak; besteak beste, isunak eta kontratua haustea. Larraitz Ugartek esan zuen beharginei «lan baldintza duinak» ahalbidetzea dela lege proposamenaren helburua, eta erantsi du «beharrezkoa» dela eta borondate politikoa behar dela aurrera ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.