Kataluniako Parlamentuak aurre egin dio Konstituzionalaren betoari

Independentistek Espainiako auzitegiak debekatutako puntua onartu dute, zuzenketen bidez

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Kataluniako indar independentistek izkin egin diote Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren betoari. Auzitegiak debekatu egin zuen ERCk, JxCk eta CUPek elkarrekin aurkeztu zuten ebazpen bateko 11. puntua. Atal horrek Kataluniaren autodeterminazio eskubidea defendatzen du, eta Espainiako monarkia arbuiatzen. Beraz, Parlamentuak ezin zuen bozketa baimendu auzitegiaren aginduari entzungor egin gabe, baina talde independentistek testu bera txertatu zuten berriro ebazpenean, zuzenketa bidez.

Ebazpena onartzearekin, Kataluniako Parlamentuak erantzun egin zion, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenak prozesu subiranistaren kontrako auzian eman zuen zigor epaiari. Ganberak eskatu zuen aske utz ditzatela 99 urteko espetxealdira zigortutako bederatzi buruzagi independentistak, eta ahalbidetu dadila erbesteratutako buruzagien itzulera. Halaber, Espainiako «Estatuaren joera autoritarioa» salatu zuen.

Konstituzionalak debekatu zuen atalak dio: «Parlamentuak berriz adierazten ditu eta diputatuek nahi bestetan adieraziko ditu monarkiaren gaitzespena, autodeterminazio eskubidearen defentsa eta Kataluniako herriari bere etorkizun politikoa erabakitzeko dagokion subiranotasunaren aldarrikapena».

ERC, JxC eta CUPen zuzenketek berretsi egin zuten debekatutako puntuak jasotzen zuena. Horrez gain, Konstituzionalaren «esku hartzea» salatu zuten, eta elkartasuna adierazi zieten mahaiko kideei, Espainiako Fiskaltza Nagusiak haien kontra hartu dituen neurriengatik.

Ebazpena tramiterako onartzeagatik, fiskaltzak ikerketa abiatu du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta mahaiko kideen kontra. Lorena Roldan Ciutadanseko eledunak Torrenti ohartarazi zion ezen, independentisten zuzenketak onartuta, muzin egin ziola berriz Konstituzionalaren agindua betetzeari, eta hori delitua dela.

PSOE eta ERC, ostegunean

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidura negoziatzeko bilera egingo dute ERCk eta PSOEk, ostegunean. Gabriel Rufian ERCko diputatuaren esanetan, gobernu arteko negoziazio mahai bat sortzeko «konpromisoa eta egutegi bat» eskatuko dizkiote PSOEri. Quim Torra Kataluniako presidenteak, berriz, alderdi kataluniarren mahaira deituko du datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.