Torrak eragile independentistak bildu ditu, mahaiko bilkura prestatzeko

ERCk Torrari eta Sanchezi eskatu die datorren astean abian jartzeko gobernu arteko elkarrizketa

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidenteak Generalitatearen egoitzan bildu zituen, atzo, Kataluniako eragile independentistak, Kataluniako Gobernuak Espainiakoarekin egitekoa duen bileran zein jarrera defendatu behar duen adosteko. Bileran izan ziren JxC, ERC, CUP, ANC eta Errepublikaren Aldeko Kontseilua. Bilerak agerian utzi zituen JxCen eta ERCren arteko desadostasunak.

Torrak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin adostu zuen gobernu arteko elkarrizketa mahaia otsaila amaitu aurretik martxan jartzea, eta ERCk epe hori betetzera deitu ditu bi gobernuburuak: negoziazio mahaiaren lehen bilera datorren astean egiteko eskatu die.

Dagoeneko atzerapena du mahaiak. ERCk eta PSOEk Sanchez presidente izendatzeko adostu zuten inbestidura akordioaren arabera, Espainiako Gobernua osatu eta hamabost eguneko epean behar zuen abian. Urtarrilaren 28an bete zen epe hori.

Elkarrizketarako esparru horrek izan dezakeen eraginkortasunarekin mesfidati agertu da Torra orain arte. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du elkarrizketa sustatuko duen bitartekari baten parte hartzea. Presidenteak adierazi du nahitaezko baldintza dela elkarrizketa mahaia bildu ahal izateko. Torraren jarrerarekin bat egin dute ANCk eta Errepublikaren Aldeko Kontseiluak. ERCk, berriz, elkarrizketa eraginkorra izango dela ziurtatzeko «bermeak» beharko direla nabarmendu du behin eta berriz, baina «berme» horiek zehazteko ardura mahaiaren esku uztea erabaki zuten errepublikanoek eta PSOEk. ERCk ez du uste bitartekari baten parte hartzea mahaia abian jartzeko ezinbesteko baldintza izan behar denik, eta «autoboikota» ekiditeko eskatu dio Torrari.

Espainiako Gobernuak baztertu egin du bitartekari batek bilkuretan parte hartzeko aukera, elkarrizketa guztiz gardena izango dela argudiatuta.

Bitartekariaren gaineko eztabaida izan zen, iaz, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketarako oztopo nagusietako bat.

Elkarrizketa mahaiaren auzia ere JxCren eta ERCren arteko desberdintasunak nabarmentzeko eremu bihurtu da, eta Katalunian bizi den hauteskunde giroak ez du indar independentisten arteko elkarlana errazten.

Forcadell eta Bassa, kalean

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohiak espetxetik irteteko lehen baimena jaso zuten, atzo. Astean hirutan irtengo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.