Bozak aurreratzeko asmoa berretsi du Paxinianek, tentsio giro betean

Armeniako oposizioak eta presidenteak kargua uzteko eskatu diote berriz ere lehen ministroari

Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak karguari eutsiko dio, hauteskundeetako emaitzek kontrakoa egitera behartzen duten artean. «Denon ahotsa entzungo den eta ahots horien arteko indar harremana neurgarria izango den tresna bat proposatzen dut», adierazi zuen atzo. Bozak aurreratu eta bere kargua horien mende uzteko prest dagoela adierazi zuen berriz ere, baina haren eskaintza urrun dago oposizioak eskatzen duenetik, eta geroz eta helduleku gutxiago ditu lehen ministroak adierazitako asmoak betetzeko.

Karabakh Garaiko su-eten akordioa sinatu eta berehala galdu zuen Paxinianek Armen Sarkisian presidentearen babesa, eta presidenteak atzo berriz eskatu zion kargua uzteko: «Gobernua erretiratzea da irtenbide bakarra, oso zaila baita lan egitea galdu egin duzunean. Lehen ministroak izan behar du aurrena».

Oposizioa Karabakh Garaiko ituna sinatu zenetik ari da Paxiniani dimititzeko eskatzen. Itun horren ondorioz, Armeniaren kontrolpekoak ziren hiru eskualde Azerbaijanen esku geratu ziren, eta porrot mingarria izan da armeniar askorentzat. Ondorioak kudeatzeko moduak ere haserrea eragin du; esaterako, KarabakhGaraiko gerraren eraginez bizilekua utzi behar izan zuten errefuxiatuen egoerari emandako erantzunak. Dimisioa eman, eta trantsizio gobernu bat eratzeko eskatu zion atzo Vazguen Manukian lehen ministro ohi eta oposizioko liderrak Paxiniani. Gainera, itunean jaso gabeko lurrak Azerbaijani ematen ari dela leporatu zion lehen ministroari, gobernuaren egoitzaren aurrean egindako agerraldian.

Oposizioaren eskariekin bat egiten duten herritarrek protestak ugaritu dituzte azken egunetan. Atzo ere izan ziren, Erevanen. Parlamentuaren inguruan bildu ziren manifestariak, eta dozenaka lagun atxilotu zituzten.

Borrokak Karabakh Garaian

Su-eten akordioa indarrean bada ere, borrokaldiek ez dute etenik Karabakh Garaian. Atzo, Azerbaijango Defentsa Ministerioaksalatu zuen tropa armeniarrek Azerbaijango soldaduei eraso egin, eta haietako bat hil eta beste bat zauritu zutela igandean, Jojavend barrutian dagoen Agdam herrian. «Armeniako talde armatu ilegal batek» egin zuen erasoa, ministerioaren arabera, eta Azerbaijango soldaduek sei erasotzaileak hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.