Salatu dute Nikaraguako bozak «bermerik gabe» egingo dituztela

Presidentetzarako bozetara aurkeztekoak ziren zazpi buruzagi atxilotu dituzte ekainetik

arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak gogor jo du Nikaraguako Gobernuaren aurka bere azken txostenean. Bertan salatzen du azaroaren 7an egitekoak dituzten presidentetzarako hauteskundeak «gutxieneko bermerik gabe» egingo direla, eta horien azken helburua dela Daniel Ortega «boterean betikotu» ahal izatea. Batzorde horrek lotura estua du AEE Amerikako Estatuen Erakundearekin, eta ohartarazi du herrialdean «giza eskubideak krisi larrian» daudela, eta horren froga gisa aurkeztu ditu oposizioko kideen aurkako azken hilabeteetako atxiloketak.

Ikerketa egin duten adituek azaldu dutenez, azken hilabeteetan gogortu egin da oposizioko ekintzaileen aurkako jazarpena: «Gutxienez 30 pertsona atxilotu dituzte frogatu gabeko karguak egotzita, eta beharrezko berme judizialik gabe». Presidentetzarako bozetarako zazpi hautagai daude atxilotu horien artean. Horrez gain, txostenak gogorarazten duenez, hiru alderdi politiko ere legez kanporatu dituzte azken asteetan.

Batzordeak salatu du testuinguru hau ez dela berria, eta antzeko egoera bat izan zutela 2007an, Ortega boterera itzuli zenean; baita 2018an ere, gobernuaren aurkako protestak lehertu eta segurtasun indarren aurkako liskarretan 300 lagun baino gehiago hil zirenean.

Joan den ekainean hasi zen jazarpena gogortzen, ez bakarrik oposizioko kideen aurkakoa, baita giza eskubideen ekintzaileen kontrakoa ere. «Agintekeriaz» jokatzea leporatzen diote Ortegari, eta kritikatzen bere familiako kideak gobernuan sartu izana —emaztea da presidenteordea, eta seme-alabek ere karguak dituzte gobernuan—.

2007tik hiru legealdi egin ditu agintean gerrillari sandinista ohiak, eta aurrez, 1985etik 1990era, beste bat egin zuen. Orain, bosgarrenerako onespena lortzea da bere helburua, baina, orain arte argitaratutako inkesten arabera, inoizko babesik txikiena du estatuburuak. CID-Gallup etxeak egindako azken ikerketak jasotzen duenez, bozak gaur bertan egingo balira eta atxilo dauden zazpi hautagaietako bat lehiatuko balitz Ortegaren aurka, egungo estatuburuak botoen %19 besterik ez luke lortuko, eta %65 oposizioko edozein hautagaik. Horri gehitu behar zaio galdekatutako herritarren %16k ez zutela oraindik erabaki noren alde eman botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.