May: «'Brexit'-aren galdeketaren mandatua betetzeko asmoa dut»

Komunen Ganberako diputatuek bigarrenez bozkatu dituzte akordioaren alternatibak

ander perez zala
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Brexit-aren data berrirako bi aste falta direla —hilaren 12a—, dena dago argitzeko. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Europako Batasunarekin (EB) adosturiko akordioak hiru ezezko jaso ditu Komunen Ganberan, baina ordezkariak ez dira ados jarri irtenbide baten inguruan. Iragan asteko asteazkenean izan zuten lehen saialdia, baina zortzi aukeretako bat bera ere ez zen gailendu. Egoera blokeatuta dago oraindik ere, baina Mayk atzo adierazi zuen herrialdea batzeko asmoa duela: «Galdeketarenmandatua betetzeko asmoa dut».

Lehen ministroak adierazpen horiek egin zituen ganberako bozketen aurretik. Diputatuek lehen ministroaren itunaren alternatibei buruzko bigarren saialdia egin zuten, eta luze jo zuen eztabaidak. Lerro hauek idazterako, ganberako presidente John Bercowk ez zituen bozketen emaitzak eman.

Honako proposamen hauek bozkatzekoak ziren: aduana batasun bat; Norvegia Plus deiturikoa —EBren merkatu bakarrean parte hartzea eta «aduana adostasun zabal bat» izatea—; ordezkariek onartzen duten akordioa galdeketa bidez berrestea; eta brexit-a gelditzea, itunik gabeko irteera gertatuko balitz.

Joan den asteko saialdian, aduana batasun bati buruzko bozketan eta bigarren galdeketari buruzkoan izan ziren baiezkoen eta ezezkoen arteko tarterik txikiena. Atzoko bozketen aurretik, baina, Norvegia Plus delakoak izan zuen sona handiena, Alderdi Laboristaren buruzagi Jeremy Corbynek jakinarazi baitzuen haren diputatuak behartu zituela horren alde bozkatzera, iragan astean ez bezala. Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) ere horren alde bozkatzeko asmoa adierazi zuen, eta zenbait diputatu tory-ren aldeko botoa ere espero zen, horietako moderatu batzuek aurkeztu baitzuten zuzenketa hori.

Kontrara, Mayk bozketak boikotatzeko estrategia bat agindu zuen. Diputatu tory-ei nahi bezala bozkatzeko baimena eman zien, baina haren ministroei aukera guztien kontra egiteko agindu zien; ikusteko dago, beraz, agindua bete ote duten.

Egunotako egutegia

Atzoko bozketen emaitzak kontuan hartuko ditu lehen ministroak, eta haren gobernuarekin erabaki zer egin, gaurko bilkuran. Aukerarik gailenduko ez balitz, diputatuek hirugarren saialdia egin lezakete bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.