Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Sorginak berriro hemen

2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ihauteriak hemen ditugu berriro ere, eta dagoeneko gure alaben eskolaren pasabideak ihauterietako pertsonaia tipikoekin bete dituzte. Eskolako erraldoiekin batera—Mari Ziriki, Jatorra, Jator Txikirekin— Ziripot, Miel Otxin eta txatxoak bezalako pertsonaia ohikoak daude. Ez dira pertsonaia bakarrak; sarreran bi sorginek ematen dute ongi etorria eskolara, beste aldean Aker-Beltzen figurak haur txikienak beldurtzen dituen bitartean. Sorginak dira, noski, batez ere nire alaba txikiaren gustukoenak, edo behintzat erakargarrienak. Erakarrita eta beldurtuta aldi berean begiratzen die, ezin erabaki ukitu nahi dituen edo ihes egin nahi duen.

Deigarria egiten zait nola gure mitologiarenak propio ez diren pertsonaiak gureganatu ditugun, are gehiago, nola bihurtu ditugun, kasu askotan, gure ospakizun eta kondairen zentro. Gure mitologiako pasarte bakar batean ere ez da deskribatzen sorgina bezalako pertsonaiarik; izaki gaiztoa, deabruarekin isilpeko itun bati esker botere handia lortu duena. Izaki horrek, gainera, gaizkia egiten du, batez ere banakakoei eta komunitateari (hilketak, gaixotasunak, uzta txarrak). Sorginarengan patriarkatuak zigortu dituen ezaugarri nagusiak gorpuzten dira: emakume izatea, zaharra, bakarrik bizitzea eta boterea izatea. Sorginaren antzeko erreferentzia bakarra, zerbait esatearren, Mari da. Baina Mari, nahiz eta boteretsua eta bizia sortzeko gai izan (ez hainbeste hura suntsitzeko, sorginek bezala), ez da ez deabrutsua, ez gaiztoa.

Nola da posible halako akulturazioaren tranpan erori izana? Nola egin dugu geurea horrelako figura bat, emakume izate hutsagatik emakumeak betiko demonizatzeaz baino hitz egiten ez diguna? XVI. eta XVII. mendeetan gertatu zen sorgin ehiza Europa mailan ezagutu dugun Feminizidiorik handiena izanda, emakumeen kontrako eraso zuzen bat izan da, bere bidetik urruntzen ziren emakumeak zigortzeko: nola jarraitu dezakegu sorginen mitoa elikatzen?

Asteartean bertan Zugarramurdin egon nintzen, Sorginen herria bezala ezagutzen den horretan, Graxiana Barrenetxearen etxean Itxi Liburuak aurkezten duen Gaizka Arangurenekin, Ainhoa Etxaiderekin (saio honetarako gonbidatuta) eta bere taldearekin egon ginen grabatzen ETB1eko saioa. Etxe hartan, XVI. mendeko sutondoaren ondoan, Graxiana bezalako emakumeak zeintzuk izan ziren hausnartzen ibili ginen hirurok. Gaizka momentu batean kamerara begira jarri zen, eta esan zuen «Graxiana ez zen sorgina, noski, sorginak ez ziren existitu». Eta ohartu nintzen zer-nolako indarra duen oraindik gaur egun horrelako esaldi sinple batek. Ez, sorginak ez ziren existitu, emakume hutsak ziren, modu batean edo bestean sistema kolokan jarri zuten emakumeak baino ez. Eta horren inguruan hausnarketa sakona egin beharra daukagu oraindik herri bezala. Ihauteriek daukaten jai giro eta poztasun guztia onartuz, ezin dut jasan emakumeen zigorraren inguruan egiten den banalizazioa. Pozik nago Itxi Liburuak bezalako saio batek sorginen ehizaren inguruko gerturatze bat egiteaz, gai honeninguruan falta den lan pedagogikoak oraindik ibilbide luzea duen arren.

Lan handia dago oraindik egiteko sorginaren deseraikuntzan; zergatik irudikatzen ditugu beti zahar, beti itsusi, beti gaizto? Nola gutxiesten ditu oraindik gure gizarteak emakumearen zahartzaroa, edertasun heteronormatibotik ateratzen direnak edo emakume baten askatasuna? Hurrengo urtea iritsiko da, ihauteriak berriro hemen izanen ditugu. Orduan eskolako pasabidean sorginek hartzen zuten lekuan Mari egotea gustatuko litzaidake. Eta sorginek jarraitzen badute, hor saiatuko naiz alabari azaltzen ez direla gaiztoak, adineko emakumeak baino ez, jakinduriaz eta sormenez beteriko emakume zigortuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.