Ekologisten arabera, lanak egiten ari dira lindanoak kutsatutako eremu batean

Lurra mugitzen eta zuhaitzak mozten ari dira Jata mendian (Bizkaia). Lurren azterketa egiteko eskatu du Ekologistak Martxan erakundeak

Lindanoa Jatan, 2019ko uztailean hartutako irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ekologistak Martxan erakundeak salatu du lanak egiten ari direla Jata mendian (Bizkaia), Lemoizko hondakindegi zaharretik gertu, eta kexak aurkeztu ditu Bizkaiko Foru Aldundian, Lemoizko eta Mungiako udaletan eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzan, oso litekeena delako lur horiek lindanoz kutsaturik egotea. Ekologistek uste dute lanei ekin aurretik beharrezkoa dela han lindanoa ote dagoen aztertzea.

Elkarte ekologistek behin baino gehiagotan salatu dute Jata mendia lindanoz kutsaturik dagoela; 1980ko hamarkadara arte zabortegi bat egon zen han, Larrezabal izeneko parajean —gaur egun estalita dago, eta baso bat dago horren gainean eta hara lindanoa barra-barra bota zuten zabalik egon zen bitartean. 2019ko uztailean, BERRIAk erreportaje zabal bat argitaratu zuen horren inguruan, eta hara joandako kazetariek berretsi zuten inguruan lindano ugari dagoela. Kalkulatzen da 10.000 tona lindano egon daitekeela, eta 30.000 metro koadroko eremu bat dagoela kutsaturik.

Ekologistak Martxan-ek jakinarazi duenez, Puente Baray Forestal SL enpresa ari da lurrak mugitzen eta zuhaitzak mozten: «Jarduera horiek ezin dira egin Mungiako Udalak lurzoruaren kalitateari buruz egindako adierazpenaren prozedura eta tokian dauden HCHren hondakinekin kontakturik ez izateko premiazko prebentzio neurriak kontuan hartu gabe».

Zuhaitzetan ere bai

Arazoa ez da soilki lurrena; iazko uztailean, Ekologistak Martxan-ek zur laginak hartu zituen hango zuhaitzetatik, eta laborategi batera bidali zituen, azter zitzaten. Azterketak frogatu zuen zur horretan HCH lindanoa zegoela.

Ekologistak Martxan-ek askotan ohartarazi du baso horretan sutea egongo balitz, HCHren deskonposizio-fenomenoa gerta litekeela, eta, ondorioz, fosgenoa sortu: «Horrek ondorio larriak izango lituzke ingurumenean eta suteak itzaltzeaz arduratzen diren langileen eta beste pertsona batzuen osasunean».

Administrazioari «segurtasun eta prebentzio neurriak hartzeko» eskatu diote ekologistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.