ADF miliziak gutxienez 24 herritar hil ditu Kivu Iparraldean, Kongon

Urtea hasi zenetik 800dik gora zibil hil dituzte Indar Demokratiko Aliatuak miliziako kideek

arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Tingwee herrian izan zen erasoa ostegun arratsaldean, Kivu Iparraldea probintzian. Atzo iluntzerako 24 hilotz aurkitu zituzten, haietako asko lepoa moztua zutela. Agintariek ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziari egotzi zioten erasoa, eta ohartarazi zuten hildakoen kopuruak gora egin dezakeela datozen egunetan, bilaketa lanek aurrera egin ahala. Sabiti Nziamonja gobernadoreak zabaldu zuenez, milizianoak ostegunean sartu ziren herrian, nekazariak landa eremuan lanean ari zirenean. «Toki berean bildu zituzten biktima guztiak, lotu eta aihotzekin hil zituzten. Beste hainbat bahitu egin dituztela uste dugu».

ADF miliziak ez zuen erasoa bere gain hartu, baina gutxitan egiten du halakorik. Aldiz, EI Estatu Islamikoak bere gain hartu izan ditu ADFrekin lotutako hainbat ekintza, bi taldeen arteko harremana argia ez den arren. ADF bera Uganda mendebaldean sortu zen 1990eko hasieran, eta gerora Kongoko Errepublika Demokratikora zabaldu zen. Ugandako Gobernuak erakunde terroristatzat du, eta Kinsasha bera behin baino gehiagotan ahalegindu da milizia desagerrarazten; alferrik, ordea.

NBE Nazio Batuen Erakundeak bildutako informazioaren arabera, egur trafikoari esker finantzatzen du miliziak bere burua, eta nazioarteko begiraleek uste dute lan horretan militarren laguntza duela.

Iaz Kongoko armadak operazio zabal bat abiatu zuen miliziaren aurka, eta lortu zuen haiek euren base militarretatik bidaltzea, baina soilik talde txikiagoetan banatu eta oihanean ezkutatzeko. Geroztik, gogortu egin dituzte zibilen aurkako erasoak, eta gobernuaren datuen arabera, 800 herritar hil zituzten 2020an.

Segurtasunik ez

Benin, Kivu Iparraldeko hiriburuan, herritarrak kexu dira armada eta NBEren Kongoko Errepublika Demokratikorako misioa ez direlako gai segurtasuna bermatzeko. Monuscoren misioa joan den asteartean berritu zuten protesta artean.

NBEk berak onartu du ADFren erasoetako hainbat gerra krimentzat edo gizateriaren aurkako krimentzat jo daitezkeela. «Kasu gehienetan, erasoa egiteko moduak argi uzten du ez zutela inor bizirik uzteko asmorik. Morteroak eta AK47ak erabiltzen dituzte, eta ondoren herri osoari su ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.