Mikel Sanchez. Sendagilea

«Kirurgia hasita, berdin da paziente arrunta edo goi mailako kirolaria den»

Gorengo mailako kirolariak osatzen ditu Mikel Sanchezek: hura da kirurgia arloan onenekin aritzen diren sendagileetako bat. Haren esanetan, teknologiaren garapenak asko hobetu du bere lana, eta gaur egun errazagoa da ebakuntzak ondo ateratzea.

UCA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Mikel Sanchez doktorea (Gasteiz, 1956) aitzindaria da artroskopiaren aurrerabidean, eta goi mailako kirolari askok haren ezagutza baliatu dute lesioetatik osatzeko. Mikel Oiartzabal Realeko jokalariarena izan da azken kasu sonatua. Ordea, sendagileak ez du izen propioez hitz egiten, eta paziente guztiei pareko arreta eskaintzen saiatzen da. Jendea osatzea, horixe du egitekoa.

Zeintzuk dira kirol arloko lesiorik ohikoenak?

Kirolen araberakoa da, baina normalean, meniskoetakoak eta aurreko lotailu gurutzatuetakoak izan ohi dira. Lesio arinagoei dagokienez, kirol arloan oso ohikoak dira bihurrituak.

Egiten den kirol motak ba al du eraginik lesio mota bakoitzean?

Apur bat aldatzen da. Futbolean, esaterako, belauneko lesioak dira ohikoenak; eskubaloian ere bai, baina sorbaldakoak ere egoten dira. Saskibaloian, berriz, orkatilakoak. Kirol bakoitzaren jokoak duen teknikaren araberakoa izaten da.

Zer kiroletan gertatzen dira lesiorik gehienak?

Ziurrenik, futbolean. Bi arrazoirengatik. Batetik, gehien egiten den kirola delako, alde handiz. Bestetik, hankekin jokatzen den kirol bat delako. Bermatze unipolar asko egiten da desorekatzean, eta kontaktua ere badu. Bultza egiten da, sarrerak jasaten dira, eta, dudarik gabe, belaunetako lesio gehien duen kirola da.

Zein da zure sendagile ibilbidean ikusi duzun lesiorik itsusiena?

Zoritxarrez, tarteka belauneko oso lesio larriak ikusten ditugu futbolean. Jokalariren batek belauneko luxazioa ere izan du; hori da larriena. Halakoetan, zenbait lotailu hausten dira, ez bakarra, eta jokalariaren etorkizuna arriskuan egon daiteke, edo dudakoa izaten da.

Lehen baino lesio larriagoak gertatzen dira orain?

Nik uste dut orain gehiago daudela. Bi generoetan hazi da, eta bereziki, futbolean aritzen diren emakumezkoen kasuan oso modu argian handitu da kopurua. Gizonezkoetan baino sarriago gertatzen da. Orokorrean, ordea, futbolean asko handitu da lesio kopurua.

Horrek zerikusia du jokalari kopuru handiarekin, edo jokatzeko erarekin dago lotuta?

Zenbait faktore daude. Asko hitz egin zen tako anitzeko zapatilen eragina ote zen, edo zelaien egoerarena. Baina horren ebidentziarik sekula ez da egon. Egungo kirol materiala askoz hobea da, eta zelaiak ere gehiago zaintzen dira. Egungo soropilek ez dute duela 30 urtekoen antzik. Baina orain, lehiakorragoa da kirol profesionala, eta lehengo aldean, partida asko jokatzen dira. Entrenamenduak ere exijenteagoak dira, eta fisikoki, indartsuagoa izan behar da. Hori guztia kirol profesionaletik haratago igaro da; gaztetxoen maila ere lehiakorragoa da orain. Gaur egun, denek jokatzen dute oso ondo. Lehiakortasun horrek, partida kopuruak, hegazkin bidaiek, Europa mailako txapelketek... Horrek guztiak zaildu egiten du osatze muskularra, eta lesioak handitzen ditu futbolean.

Kopuruak aipatuta, jendearen arteko talkek eragiten al dituzte gehienak? Edo norberak min hartzea da ohikoagoa?

Bitxia da, baina aurreko lotailu gurutzatuko lesio larriei dagokienez, ohikoagoa da bakarka gertatzea: urrats bat gaizki egitean, edo norabide aldaketa zakar bat eginda. Halakoekin gehiago lesionatzen dira, sarrerekin baino. Sarrera bortitz bat denean, lesioak larriagoak izaten dira, baina ohikoagoak dira norberak min hartutako kasuak. Futbolean hala da, eta saskibaloian ere bai. Saskiaren azpian jauzi bertikal gehiago egiten dira, eta gaizki zapaltzen denean lesio gehiago gertatzen dira, beste baten bultzadengatik baino.

Belauneko lesioak prebenitu al daitezke?

Asko ikertu da horren inguruan, eta prebentzio lan handia egiten da lesio larriak saihesteko. Ikerketa zehatzak egin ohi dira: ikerketa isozinetikoak, gihar multzo bakoitzaren indarra neurtzeko, eta jokalariei entrenamendu pertsonalizatuak ezartzen zaizkie. Fisioterapeutak eta prestatzaile fisikoak gain-gainean egoten dira, eta, halere, lesioak gertatu egiten dira. Sekula ez dakigu lan hori gabe askoz lesio gehiago egongo liratekeen. Ziurrenik bai, baina egiten den prebentzio lan guztia eginda ere, lesio asko ikusten dira futbolean.

Behin lesioa gertatuta, nolakoa da ebakuntza gelara heldu arteko prozesua?

Drama apur bat izaten da. Jokalari profesional batek belauneko lesio larri bat duenean, haren etorkizuna jokoan izaten da, eta arazo handia izaten da kirolariarentzat, entrenatzailearentzat, taldearentzat, zaleentzat... Beraz, lehen lana ebakuntza noiz egin erabakitzea da. Urgentziaz egiten dugu berehalako tratamendua behar dutenetan, hau da, lotutako lesioa dagoenean: lotailua hautsi eta meniskoa luxatuta dagoenean, edo haustura osteokondrala dagoenean. Berehalako ebakuntza behar dute horiek. Aldiz, aurreko lotailu gurutzatua modu islatuan hausten denean, sarri hilabete inguru itxaroten dugu, belauna hoztu dadin eta mugikortasuna apur bat berreskuratu dezan. Hala, geroko konplikazioak saihestu eta osatzea errazten da. Hortaz, lesioaren araberakoa izaten da prozesua.

Goi mailako kirolari batek nola bizi du horrelako egoera bat?

Hasieran, desgrazia handia da, shock bat izaten da haientzat. Pentsa, lotailu gurutzatua hautsita, gutxienez sei hilabete behar izaten dituzte entrenatzen hasteko. Prozesu luzea da, eta denboraldia joan egiten zaie. Batzuetan, hurrengo sasoiaren hasiera ere bai. Jokalarientzat apur bat dramatikoa izaten da, baina gero eta argiago dute osatzeko aukerak geroz eta gehiago direla, teknika kirurgikoak asko hobetu direlako, eta fisioterapiako prozesuetan ere lan hobea egiten delako. Lehengo kirol mailara itzultzeko aukera lehen baino hobea da. Hortaz, prestatu egiten dira. Badakite zer datorkien, zer lan egin behar duten, eta bitxia da, baina askotan, lehengoa gainditzen dute. Futbol eta saskibaloi jokalari asko lehen baino hobeto itzultzen dira. Zoritxarrez, kirolarien ehuneko batek ez du lehengo maila berreskuratzen, baina sarri, bai.

Eta zertan oinarritzen da halako lesioetatik berriz osatzeko prozesua?

Gaur egun, askoz hobeto ezagutzen dira belaunaren anatomia eta biomekanika. Baita halako lesioak nola osatu ere. Lehen, sarri askotan, kendu egiten ziren meniskoak, eta, orain, konpontzen saiatzen gara. Teknologiak asko lagundu digu; orain, bereizmen handiko kamera artroskopikoekin askoz irudi hobeak ditugu. Asko ikertu da lotailuak kokatu behar diren puntu anatomikoen inguruan ere, belauna lesioaren aurretik bezala uzteko. Lanabesak gero eta hobeak dira, autoekin eta motorrekin gertatzen den moduan. Horrek guztiak kirurgia erraztu digu. Prestatuago gaude; lesio gehiago daude, ebakuntza gehiago egiten ditugu, baina dena hobeto egiten da. Gero, fisioterapeutek asko landu dute belaunaren errekuperazioaren gaia, eta izugarrizko ezagutza dute horretarako tekniken inguruan. Haiek ere teknologia hobea dute; gailu isozinetikoak dituzte. Baita grabitatearen aurkako zintak ere, deskargako lasterketak lantzeko. Elektroestimulazioa hanturak kentzeko... Asko hobetu da dena.

Garapen horretan, teknika berriek gutxiago al dute inbasibotik? Artroskopia, esaterako.

Bai. Lehen, futbolari batek aurreko lotailu gurutzatua hausten zuenean, lehen gauza ebakuntzarik ez egitea izaten zen, pazienteen ehuneko handi bat gaizki geratzen zelako. Kirurgia irekia zen, bortitza, eta, ebakuntza egin eta gero, mugikortasuna murrizten zen. Infekzio gehiago ere izaten ziren, eta gauzak gehiago zailtzen ziren. Orain, teknikak ez dira horren inbasiboak. Tendoiak hartzeko ebaketak ñimiñoak dira, eta artikulazioen barruan zulotxoen bidez egiten dugu lan, telebista kamera instrumentalki miniaturizatuekin. Oso ondo dakigu belaun bakoitzeko lotailuak non kokatu. Tendoiak hezurrari lotzeko metodoek ez dute lehengoen antzik. Dena hobetu da, eta horrek guztiak prozesua bizkortzen du. Gainera, azken urteetan biologiaren gaian sartu da traumatologia, eta kirurgia ortopedikoa: plasmak, hazkunde faktoreak eta horiek guztiek lortzen dute tendoia hezurrean askoz hobeto txertatzea, eta azkarrago bilakatzen dira lotailu. Meniskoetako josturak ere azkarrago orbaintzen dira, eta dena azkarragoa da, eta kalitate handiagoa du. Horri guztiari esker, ebakuntzen pronostikoa hobea da egun.

Lesio motak zenbateraino eragiten du berriro osatzeko aldian?

Lesio arinagoek, kasurako, meniskoa apur bat hausteak eta zati txiki bat kendu behar izateak, bi hilabete inguruko osatze aldia du. Gutxi gorabehera, epe horietan kirolerako prest daude gehienak. Gero, larriagoak daude: arazo errotulianoak, edo aurreko lotailu gurutzatuetakoak; luzeagoak dira. Hilabeteetako errekuperazioa behar dute. Halere, hemen permisiboak gara itzulera baimentzeko orduan, AEBekin edo Ipar Europako herrialdeekin alderatuta. Han, hamar hilabete edo urtebete edukitzen dituzte jokatzeko baimena eman gabe. Gurean, seigarren edo zortzigarren hilabetetik aurrera arraroa da jokalari bat itzuli ez izana. Zergatik gertatzen den hori? Ez dakit gizarteko presio handiagoa dugun, edo taldeek jokalari gutxiago dituzten, baina lehenago uzten diegu jokatzen. Eta funtzionamendua ona da.

Beraz, komenigarria al da itzulerako epeak murrizteaz hitz egitea?

Uste dut muga bat dagoela, eta egungo jakintzarekin horraino iritsi garela. Hortik murrizten badugu, ez dakigu zer arrisku hartzen dugun. Esaterako, goi mailako jokalari batek aurreko lotailu gurutzatua hausten badu, eta guk muga seigarren hilabetean jartzen badugu, lotailua jokatzeko lain osatu delako, epe horiek murriztea posible izan daiteke, baina ez gara horretara ausartzen. Ez, behintzat, egun dugun jakintzarekin. Lau hilabete eta erdi edo bost hilabete igarota jokatzen uzten badiegu, eta berriz min hartzen badute... Apustu hori oso garestia litzateke, berriz ere hutsetik hastea bailitzateke, denbora gehiagoz. Beraz, halako lesio bat urtebetetik gorakoa izango litzateke. Sendagileok ez gara ausartzen arrisku horiek hartzen.

Gorengo mailako kirolariekin aritzen zara. Horrek eragina al du zure lana egiterakoan?

Baietz uste dut. Ez dugu asko ikertu, baina pertsona bat gai baldin bada gorengo mailara iristeko, zenbait faktorerengatik da, izan futbolean, aizkoran, tenisean edo pilotan: teknikoki ona delako, fisikoki ere ona, eta baita biologikoki ere. Eliteko kirolak asko higatzen du gorputza: bai organismoa, baita lokomozio aparatua ere. Partida bakoitzetik osatu beharrak biologikoki oso ona izatea eskatzen du. Pertsona gazte bat adineko batekin alderatuta ere, gazteak kirol gehiago egin ahalko du, errekuperatzeko gaitasun handiagoa duelako. Zer esanik ez goi mailako kirolari bat bada. Beraz, halako mailako batekin lan egiten dugunean, errazagoa da ebakuntzaren emaitza ona izatea.

Eta, arlo pertsonalean, ba al du eraginik sona handieneko kirolariekin aritzeak?

Hasieran apur bat estresagarria da, kirurgia antolatzeko orduan. Albistegietan ateratzen da, eta dena ondo atera behar da. Bestela, pentsa zer-nolako drama, Realeko, Athleticeko edo Alaveseko jokalari baten ebakuntza gaizki ateratzen baldin bada. Hori drama bat da, eta estresa sortzen du. Behin kirurgia hastean, ahaztu egiten zara norekin ari zaren. Berdina da paziente arrunt batekin eta goi mailako kirolariarekin. Keinu berberak egiten dira, eskuak modu berean erabili, material bera erabili... Ebakuntzaren aurrekoa da ezberdina. Baita ondorengoa ere, kazetari guztiak galdezka aritzen baitzarete, kirolaria prest noiz egongo den jakiteko. Hori ere apur bat estresagarria da, hasieran guk ere ez baitugu jakiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.