Levent Gultekin. Idazlea, kazetaria eta analista politikoa

«Betiko politikei eustea izango da Erdoganen helburua»

Turkiako presidentetzarako hauteskundeak irabazita, Recep Tayyip Erdoganek «botere osoa» lortu du, eta agintzeko ez du izango ez parlamentuaren premiarik, ez larrialdi egoera mantendu beharrik.

AITOR TXABARRI.
Istanbul
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Levent Gultekin idazle, kazetari eta analista politikoaren ustez (Gole, Turkia, 1972) , Turkiako sistema berriak «botere guztia pertsona baten gainean utziko du», eta horrek «ondorio latzak» izango ditu herritarrentzat.

Zer izan da giltza Recep Tayyip Erdogan presidenteak hauteskundeak irabazteko?

Estatu batean pertsona batek botere osoa daukanean, oso zaila da pertsona horri irabaztea; hori izan da Erdoganek irabazteko lehenengo arrazoia. Gero esan dezakegu Turkia, ideologikoki, taldeetan mugitu dela betidanik, eta oposizioa hori aldatzen saiatu da; hori akats larria izan da.

Zergatik izan ditu emaitza hauek CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak, oposizioko alderdi nagusiak?

CHPk betidanik daukan arazoetako bat da oso handia dela esaten duenaren eta egiten duenaren arteko tartea. Saiatzen dira saltzen haien ideiak benetako egia bakarrak direla.

Nola dago larrialdi egoera Erdoganek irabazi ostean?

Erdoganek larrialdi egoera sortu zuen berak botere osoa edukitzeko. Hauteskunde hauen emaitzekin, garaile atera da, eta sistema presidentzialista ezarriko du. Sistema horrekin, ez du ezertarako beharko larrialdi egoera botere osoa edukitzeko.

AKPk gehiengoa galdu du parlamentuan. Zer eragin izango du?

Ez dut uste eragin handirik izan dezakeenik; parlamentuak indar handia galduko du, Erdoganek izango baitu botere guztia. Nahiz eta parlamentuko boterea behar izan —eta ez da halakorik gertatuko—, aliantza dauka MHP alderdiarekin, eta, MHP alde batera uzten badu, beste alderdi baten laguntza lortuko du.

Erdoganen garaipenaren ostean, nolakoa da egoera Turkiako Gobernuaren eta herrialde kurduaren artean?

Orain dela urte batzuk, Erdoganen diskurtsoan bazegoen kurduak zainduko zituela eta haiekin dauden arazoak konponduko zituelako ideia. Orain, harentzat ez dute lekurik Turkian, ez dute tokirik Erdoganen diskurtsoan. Hark kurduekin duen erlazioa azken urteotako bera izango da: oso latza.

Zeintzuk izango dira Erdoganen lehen pausoak hauteskundeak irabazi eta gero?

Ez dakit zeintzuk izango diren, baina, nire ustez, sistema presidentzialista indartzen saiatzea izango da lehena. Gero ekonomian aldaketak egin beharko dituela uste dut, Turkiaren oraingo egoera ekonomikoa jasanezina baita. Hemendik aurrera, betiko politikei eustea izango da haren helburua.

Zer egingo du oposizioak hauteskundeak galdu ondoren?

Oraingoz, ezin dute ezer egin, alde batetik psikologikoki kolpe ikaragarria jasan dutelako, eta, beste alde batetik, hauteskunde hauek galdu eta gero ez dutelako inolako indarrik.

Zer nolako aldaketak gertatuko dira sistema presidentzialista ezartzen denean?

Aldaketa nagusia da Erdoganek oraindik botere gehiago izango duela. Parlamentua alde batera utzita, erabaki garrantzitsuenak hartzeko boterea izango du; bai ekonomian, bai hezkuntzan, edozer egiteko aukera dauka sistema honetan.

Nolakoa izango da Turkiaren inguruko herrialdeekin aurrerantzean izango duen harremana?

Erdoganek ez du ezer aldatuko; jarrera berari eutsiko dio kanpo politikari dagokionez: denak berdin jarraituko du. Mendebaldearekiko erlazioak txarra izaten jarraituko du, eta Errusiarekin daukana oraindik gehiago estutzen saiatuko da. Siriari dagokionez, harekin ere berdin jarraituko du, baina hor arazoa ez da estatu bakar batena; Siriarena konpontzeko hainbat estatuk lan egin beharko dute batera.

Zure ustez, Erdoganen garaipena garbia izan da?

Alde batetik, esan behar da botoak ondo daudela, ez dela tranparik egon alde horretatik. Baina niretzat ez da garaipen garbi bat izan, Erdoganek ez baitie gainontzeko alderdiei kanpaina egiten utzi. Bestalde, hedabideen kontrola dauka, eta bere alderdiko publizitatea soilik agertzen zen hedabide horietan. Beraz, botoak ongi daude, baina, nire ustez, ez da bidezkoa izan.

Nola izango da Turkiaren etorkizuna Erdogan beste bost urtez agintean egonda?

Nire ustez, etorkizuna ez da ona. Demokraziarik gabe, arazo ekonomiko larri hauekin, eta gainontzeko arazoekin, ez da etorkizun ona izango. Honek guztiak hainbat arazo sortuko ditu gizartean, eta uste dut oraindik gehiago banatuko dela. Pertsona batek botere guztia izatearen ondorioak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.