Brasilgo Bolsonaro hautagaiaren 'superministroa' ikerketapean dago

Paulo Guedes Ogasun ministrogaiari «iruzurra» leporatu dio fiskaltzak, egunkari baten arabera

Mikel Rodriguez -

2018ko urriak 11
Brasilgo politikan erroraino sartuta dagoen txarkeria da ustelkeria, eta Jair Bolsonaro eskuin muturreko presidentegaiak bere burua aurkeztu du gaitz horren aurkako erremedio aratz gisa. Hauteskundeen bigarren itzulirako hemezortzi egunen faltan, ordea, Bolsonaroren politika ekonomikorako aholkulari nagusia ikerketapean dagoela jakin da. Fiskaltza Federalak Paulo Guedesi leporatzen dio 870 milioi euro inguruko «iruzurra» egitea hainbat enpresa publikori. Bolsonarok errana du presidente bada ahalmena emanen diola Guedesi politika ekonomikoa zuzentzeko «superministerio» baten bidez.

Joan den igandean egin zuten lehenbiziko itzulia, eta aste batzuk lehenago Brasilgo hedabide batzuek argitaratua zuten Guedesen ustezko legez kanpoko jardunaren berri. Hala ere, botoetan ez zuen eraginik izan, Bolsonarok aisa irabazi baitzuen, %46rekin. Oraingoan, Brasilgo egunkari handienetako batek eman du ikerketaren berri, Folha do Sao Paulo-k. Agiri ofizial bat eskuratu duela argitaratu du, eta, horren arabera, fiskaltza federalak hil honen 2an hasi zuen ikerketa kriminala. Fiskaltzak uste du Guedesek bortz konpainia publikori egin ziela iruzur —tartean Petrobras petroliokoari eta Brasilgo Bankuari—, haien funtsak erabili zituelakoan bermerik ez zuten negozioetarako. Fiskaltzak dioenez, PT Langileen Alderdiak eta MDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoak —Michel Temer presidentearen alderdiak— konpainia horietan zituzten ordezkariek ere parte hartu zuten iruzur berean.

Bolsonarok irabaziz gero, Ogasun eta Plangintza ministro izatekoa da Guedes. Presidentegai ultraeskuindarrak estatuaren monopolio handiak defendatu izan ditu orain arteko jardun politikoan, baina kanpainan hitzeman du pribatizazioak eginen dituela.

PSDB ez da lerratuko

Bolsonarok Fernando Haddad PTko hautagaia izanen du arerio bigarren itzulian, eta, atzo, Haddadek Bolsonaroren planteamendu ekonomikoak kritikatu zituen. «Merkatuek gogoko dute, irabazi errazak ikusten dituztelako». Azken hamarkadotan PTren etsai handiena PSDB Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdia eskuindarra izan da. Geraldo Alckmin PSDBren presidentegai zenak herenegun jakinarazi zuen alderdiko boto emaileei «askatasuna» emanen diela bigarren itzulirako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna